Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2026-08-02

Udalak debekatua

Udalak debekatua –

Harrigarrizko paradoxa bat
Donostian gertatua
afaririk ez daukanarentzat
auzolan partekatua
ekimen hau da arriskuaren
alarmak detektatua
Herriak sortu zuena eta
Udalak debekatua

 

Hainbat auzotar lanean euren
lapiko eta burruntzi
ta Udalak ez laguntzeaz gain
besteei egiten ez utzi
Insausti eta bere lagunak
besteen etxetan nagusi
Hauek afari asko bai baina
solidaritate gutxi

 

Lotsarik gabe, ta harro harro
jarri du dantzan mihia
eta gainera bere babesle
fina Bingen Zupiria
Donostiako alde zaharrean
diruduna ta guiria
Turistentzako egin baitute
Donostiako hiria

 

“Arriskutsua izan daiteke”
da esaten diezuna
Ta auzotarren lema zera da:
“laguntza ta maitasuna”
segurtasuna da Udalaren
lehen erantzukizuna
Jendea gosez uztea al da
egizko segurtasuna

 

Kalean bizi da jende pila
gauez modu narrastian
hori lortu da aberaskume
high classaren sarraskian
Inor ez da nahi Boulevarraren
zein portal baten azpian
Ez zaielako ongi geratzen
postaleko argazkian

 

Dena ez dedin bihurtu kontxa
udarako izozkia,
edo kotxea uzteagatik
jasotzen duzun ostia
bertakoeri eman baino lehen
nazka edo ta hozkia
Edozeinentzat hiri bihurtu
dezatela Donostia

 

Udalak debekatua
KASen debekuaren aurka ehunka pertsona elkartu ziren. Arg: Joseba Parron San Sebastian (Irutxuloko Hitza)
Udalak debekatua