[KANPOTIK] Traumitak

Garazi Arrula Ruiz-(r)en argazkia Garazi Arrula Ruiz 2026-09-08

Traumitak –

*Itzultzailea, editorea eta idazlea

Traumitak
Garazi Arrula Ruiz. Arg: Dani Blanco (ARGIA)

Hamar-hamabi urte izanen nituen. Eskolarteko bat zen, nahiz eta beharbada garai hartan ez zitzaion hala esaten. Kontua da eskualdeko edo herrialdeko eskola, ikastola edo dena delakoen arteko bertso idatzien lehiaketa bat irabazi nuela, euskara eskoletan hartara xaxatzen edo derrigortzen gintuztelako gela osoak parte hartzen zuenetako bat. Ez dut gogoan, noski, gaia emana ote zen, ez zer neurritan atera zitzaidan, ez zer irabazi nuen (liburuak izaten ziren maiz, deus gogoangarririk ez, bada). Akorduan dudan bakarra zera da: sari banaketan, Tafallako kultur etxeko areto nagusia gurasoz eta ikaskidez eta ezezagunez lepo zegoen hartan, nire bertso idatzia (berriz diot, idatzia) kantarazi zidatela.

Ordutik, bertso bat kantatzera eraman zezakeen testuinguru oro saihestu dut, hala oholtzan nola lagunartean, eta, bistan denez, ez naiz bertsolaritzan jardun, ezta, eta hau da egiazko galera, jendaurrean performatzen trebatu ere.

Badaezpada: ez da hainbesterako ere, ez nuke nahi honek traumita itxura har dezan, terapiara ez ninduen horrek eraman.

Ordutik, baina, bertsoarekiko sentipen askotarikoak izan ditut (ez da bertsoa bera, jakina, erlijioa, Jainkoa eta Eliza gauza bera ez diren bezala eta abar; hizkuntzaren ekonomiari egotziko diogu baldarkeria). Sentipen askotarikoak nioen, arian-arian adiskidetzeraino. Lagun bertsolari jator askoak ere baditut (begi kliska bat), zeinak bertsoarekiko sentipen askotarikoak ere badituzten, haien kasuan bertsoa zentrala izanik ere beren bizitzetan, igual haientzat inoiz traumita izateraino, eta halere segi, jaso eta altxa, baina hara, nork bere bizioak (egunen batean meloi hori ere zabalduko dute; esan gabe doa, bertsolari emakume eta genero disidenteek zabalduko dute, aiztoa eta irabiagailua eskuan). Estimu handitan ditudan lagun bertsolari horiek euren artean osatzen duten sarea, bai eta elkarteak berak langintza duintzeko eta komunitatea egituratzeko egindako prozesua ere, biak ala biak izanen dira oraintxe bertsoari ikusten dizkiodan alde inbidiagarri behinenak. Ez dit inork galdetu, baina gaia jarri didate.

Ziur jakin gabe ere, nago orain ez dituztela bertso idatzien lehiaketetako irabazle nerabeak oholtzara bultzatuko, ez, behintzat, aurretiazko lanketarik eta ondoko zaintzarik gabe. Bestela, balio beza lau duroko artikulu honek horretarako erregu modura.

Aurkia esanda ifrentzua esatea zilegiago omen denez, esan dezadan gure eskualdean eta sasoian genituen erreferente bertsolariak, Pernando Amezketarra lehenik, Lazkao Txiki gero eta Txirrita azkenik, ez zirela Songoku edo Kapitain Planet baino puskaz hurbilagokoak. Azken batean, den-denak telebistan ageri ziren, gure hizkuntzan mintzo ziren, gureaz bestelako paisaia batek inguratzen zituen eta dohainen bat zuten. Gaur egun ere, Iruñetik hegoaldera ez dago plazan ari den bertsolaririk (barka beza norbaitek bere burua halakotzat badu, plazan kantatzen duzun hurrengoan lotsagorritu nazakezu). Hutsune horren arrazoia zein den ez dakit; tradizio faltari egozten ahal zaion, gaztetxoendako bertso eskolarik ez egoteari, hizkuntzaren estatusari edo ihes egiten didan bestelako zergatiren bati. Guztitik pixka bat izanen du, akaso, baina guztiak ez dira aldakaitzak.

Bertsolaria ez naizela esan dut lehenago ere, eta berriz geratuko da agerian: ez dut amaiera hasi aurretik pentsatu, eta orain batere gabe nago. Inork ez dit testu hau kantaraziko, behintzat.

Traumitak  Traumitak