Ni eta bertsoa
Ni eta bertsoa –
Etxetik zaletasuna
Gure etxean bazen zaletasuna. Osaba batek irakatsi zizkidan nik ikasitako lehen bertsoak: “Ari naizela, ari naizela, hor ikusten det Txirrita…”
1963 eta 1965eko Euskaltzaindiak antolatutako Txapelketa Nagusiak izango ziren beharbada, Loiolako Irratiak zuzenean eman zituela esango nuke eta irratiz oso arreta handiz entzuten zirela gure etxean. A zer isiltasuna gure sukaldean!
Seminarioan
1967ko Txapelketa Donostiako Seminarioan nengoela jarraitu nuen, ez zuzenean, baina hango berriak interesez jarraitu nituen, finalean izan ziren seminarista zaharragoek, filosofian zeudenek egun hartaz esandakoen bidez: Lopategik agurra kantatzerakoan Gu gira Euskadiko doinua erabili zuela, garai hartan gure himnoa zen Labegeriren kanta hori, Xalbadorri jotako txistuak…

Bertsolaria etxean
Bertsoa beti inguruan izan badut ere, hara non gure arreba Iñaxi, Jose Luis Gorrotxategi bertsolariarekin hasi zen eta bertsolaria sartu zitzaigun etxean. Nola ez, orduan eta gehiago zaletu nintzen. Nire bertso goseari beste ate handi bat ireki zitzaion. Haren bidez garai hartako puntako bertsolari asko hurbiletik ezagutzeko eta tratatzeko zoria izan nuen. Bertsolarien omenaldietan eta jaialdi nagusietan bertsolarien artean ibiltzera pasatu nintzen, koinatuari esker. A zer pagotxa!
1970 inguruan, bertsotan bat-batean ere aritzen ginen, lardaskan, parranda giroan, baina ez nuen ikusi hor trebetasun handirik, kostu handi samarra behar nuen bertsotan hasteko eta idatzira pasa nintzen.
1973an, soldaduska egitera, Afrikara, Sahararaino bidali ninduten alajaina eta handik ere hala moduzko bertso dezente idatzi nizkien lagunei.

Irakasle (1975-1983)
1975ean irakasle hasi nintzen Loiolako ikastolan eta han ohartu nintzen euskara irakasteko bitarteko egokia izan zitekeela bertsoa, eta hasi nintzen zerbait lantzen ere neure erara. Juanito Dorronsororekin ikastaro bat egin genuen gero ikastolan bertan, bertsolaritza nola landu geuk ikasteko. Ohartu nintzen, gainera, bertsoa zenbaitek baserritarren kontua zela uste bazuen ere, ikasle horiek beroriek oso gogoz jasotzen zituztela bertsolarien inguruko pasadizoak eta bertsoak. Ikastolako jaialdietan haurrek kantatzeko nola-halako bertsoak ere idatzi izan ditut.
Urte horietan guztietan, Bertsolarien omenaldiak oso estimatuak nituen eta egun horiek ez nituen galtzen inola ere. Bertso jaialdi ezagunak ere ez: Zarautzen, Azpeitian, Azkoitian…
1980 eta 1982ko txapelketetako saio guztiak oso hurbiletik eta urduri jarraitu nituen, Gorrotxategi kantuan baitzen.
Loiolako Irratian lanean (1983-2004)
Eta hara non, 1983an, Loiolako Irratian hasi nintzen lanean, Joxemari Iriondok Loiolako Irratia utzi ondoren, eta, besteak beste, bertsolaritza lantzeko eginkizuna eman zidaten. Bertsolarien ezagun izatetik bertsolariak lagun gisa are hurbilagotik tratatzera igaro nintzen. Nik miresten nituen artisten lagun izatera pasa nintzen. Ikaragarria izan zen hori!
Irratiko ibilbidean saiatu izan naiz bertsoa eta bertsolariak mimatzen irratian. Horretarako, urtean zehar saio mordoa entzun eta grabatzen nuen, eta, tartean, neu izaten nintzen zenbait saiotako gai-jartzaile gainera. Neuzkan baliabideekin ahal nuena egin nuen, nahi nuen guztia egitera iritsi ez banintzen ere. Bertsozalea gozatzen saiatu nintzen, beti ere neuri zer gustatuko zitzaidakeen erreferentziatzat hartuz.

1985-1986 Txapelketa Nagusia
Gero, 1985eko Txapelketaren antolaketa etorri zen. Bertsolariak eta Euskaltzaindia ez ziren ados jarri 1985eko Txapelketa antolatzerakoan. Bertsolariak txapelketa beraiek antolatzeko erabakia hartu zuten eta niri ere deitu zidaten bileretara, beste askoren artean, eta hala hasi nintzen bileretara joaten, gai-jartzaile lanean amaitzeraino. Gogoan daukat Tolosako Lizardi elkarteko bilera batean Sebastian Lizasok esana. Txapelketako gai-jartzaile ofiziala zein izango zen erabaki behar zen eta bat-batean bota zidan:
–Gai-jartzaile hi izango haiz.
–Ni? Nolatan? Behin ere ez diat-eta nik gairik jarri –erantzun nion neure burua libratu nahian.
–Hurrengoan ez dek hori esango –erantzun zidan. Ez nuen ezeztatzeko argudiorik aurkitu. 20 bat urtez ibili naiz ondoren bete-betean gai-jartzaile, txapelketetan, jaialdietan.
Aldi berean buru-belarri sartu nintzen Bertsozale Elkartea izango zenaren proiektuan ere, eta hor aritu izan naiz gai-jartzaile lanetan batez ere.
Oso gertuko izan dut Bertsozale Elkartearen inguruan sortutako mugimendua. Urte batzuk pasatu ditut horren bueltan, hasieran gai-jartzaile taldeko arduradun gisa eta, gero, beste zenbait urtez, Iker taldeko kide gisa. Proiektu benetan bikaina izan da, eta pozgarria da ikustea nondik abiatu ginen eta noraino iritsi den, oztopoak oztopo, Zazpi Euskal Herrien proiektu bilakatzeraino. Txalogarria!
Gai-jartzaile
Esan bezala 1985ean hasi eta 2018. urte ingurura arte ibili naiz gutxi-asko. Gipuzkoako zein Euskal Herriko gai-jartzaile taldeko arduradun izan naiz zenbait urtez, antolatutako txapelketa ugaritan. Horrez gain, ohartu nintzen ez zela gauza bera Txapelketako gai jartzea eta jaialdietakoa. Txapelketan, taldearen babesa daukazu: gaiak zuk aurkezten badituzu ere, erantzukizuna ez da zurea bakarrik. Jaialdietan, ordea, zeu zara gidaria, zurea da jaialdiaren gidoia, eta, neurri batean, saioak funtzionatzen ez badu, zurea da errua. Funtzionatu badu gai-jartzaileaz ez da ia inor gogoratzen. Horregatik baliatu izan gara gai-jartzaile taldeko zenbaiti saioaren nondik norakoak bidaliz elkarri eta haien iritziak jasoz, nolabaiteko babes bila.
Dena dela gai-jartzaile taldea lagunarte gozo bilakatu zitzaigun ia hasieratik. Egun osoko bilerak izaten ziren hasieran eta tartean otorduak egiten genituen: Elusun, Antzuolan, Alegian… Sukaldari bikain bat ere bagenuen taldean, Meltxor Legorburu, eta denok geunden elkartzeko gogoz, bai Txapelketan zehar eta, nola ez, Txapelketa bukatu ondorengo bazkarian. Ia oraintsu arte, Meltxorrek agurtu gintuen arte, jarraitu dugu urtero elkartzen.

Bertsolari aldizkaria
1990eko hamarkada hasieran, Bertsolari aldizkariaren hasieran, tartean ginen. Ez dut nik meritu handirik Bertsolarin, batez ere, Joxean Agirreren ahalegin nahiko egoskor bati esker egin baitzuen aurrera hasieran. Beregatik izan ez balitz ez zukeen jarraituko, bera izan zen etsi gabe eutsi ziona. Guk zerbait lagundu genion eta babesa ere eman genion, baina ez askorik.

Erniarraitz Bertsozale Elkartea
1999ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren ondoren, Erniarraitz Bertsozale Elkartea sortzea bururatu zitzaigun. Beste herri batzuetan, Almen, Zumaia, Hernani, Oiartzun… bertso eskoletan lantzen zuten bertsoa eta baita emaitza politak lortu ere. Guk ere zerbait egin genezakeela eta hala hasi ginen. Izan ere, Urola bailaran bertsolariak bertso eskolarik gabe sortu izan ziren antzina, bertsolari sorta ederra baikenuen artean, baina ohartzen hasita geunden giro hori bultzatu ezean iturria agortzen joango zela.
Geroztik, Urola bailaran egin ditugu gauza politak eta baita dinamika interesgarriak sortu ere azken hogeita sei urteetan zehar, hasi Azkoititik eta Zestoaraino, Azpeitia eta Errezil barne, Ernio eta Izarraitz mendien inguruan bertsozaletasuna elikatu asmoz.
Sariak
Bertsolaritzari esker jaso nuen Irratiko Argia saria 1993an eta Bertsolaritzako ibilbideari esker Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eman zidan 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, Aitor Sarriegiri txapela janzteko ohorea ere. Ezin gehiago eskatu.

Bertsozale
Bertsozale sutsua izan naiz eta horretan jarraitzen dut gaur egun ere. Elkartearen historiako batzar nagusi gehienetan izan naiz oraintsu arte, hasieran neure lanagatik eta gero zaletasunagatik. Gipuzkoako zein Euskal Herriko bertso txapelketetako saioetan ere, gauza bera: hasieran, hogei bat urtez, lanagatik. Gero, irratiko lana utzi nuenetik, lagun talde ederra ibili izan gara saioz saio, beste hogei bat urtean edo, baina taldea hasi da sakabanatzen. Zaharrena genuen motor nagusia, Imanol Lazkano, baina hark ere aurten bete ditu 90 urte eta, osasunez ondo badago ere, bere adinerako, ja ez gaitu bultzatzen, adinak ez baitu barkatzen. Aurtengo Nafarroako, Bizkaiko eta Xilabako txapelketetako finalak etxetik jarraitu ditut/ditugu, telebistari begira. Jende dezente konturatu da aurten ez gaituztela finaleko saioetan ikusi.

Ederra izan da txapelketetako ibilbidea. Zortzi lagun inguru ibili izan gara saioz saio eta, gero, etxera baino lehen, nonbaiten mokaduren bat egin saioa komentatuz, luxu bat.
Oraindik ere gertutik jarraitzen ditut nola Erniarraitz hala Bertsozale Elkartea, eta baita Hitzetik Hortzera saioak ere. Ez nago oraindik bertsoz aseta, gustura entzuten ditut bertsolariak, lehenagokoak eta gaur egunekoak, orain herri inguruko saioetara mugatzen banaiz ere.
Asko eman dit niri bertsolaritzak, lagunarte bikainak egin ditut, eta, arestian esan bezala, neuk miresten ditudan artista handi horien oso gertuko sentitzeraino, ia familiako banitu bezala.
Bertsoa tresna eraginkorra eta gozagarria zait gainera, familiako zein lagunarteko ospakizun, urtemuga, dolu eta abarretarako.

