[TTAKUN HERREN] Sakatu galgari / Zortziko estuan
Etxahun Lekue eta Ane Zuazubiskar
2026-09-09
Sakatu galgari Zortziko estuan –
SAKATU GALGARI

DOINUA: Bateltxoa kulunkaz
Bizitza dugun gurpil
zoroan sartzea
zer ote da akatsa,
zortea, trantzea…
Majo kosta zaidala
nahi dut onartzea
bertsook idazteko
tarte bat hartzea.
Astelehen goizetan
hasi ohi da dena
barikura artean
a ze zoramena!
Asteburuan juerga
edo atsedena
eta ohartu orduko
berriz astelehena.
Astiro bizitzea
txarra delakoan
astirik ez galtzeko
han goaz autoan,
egonean larritu
ohi gara atoan,
korrika gabiltza oinez
gabiltzalakoan.
Baldintzatzen duenez
errutinak dena
bizitzaz pentsatzeko
galdu dugu ahalmena.
Gaueroko galdera
transzendentalena:
zer da bihar gurean
bazkalduko dena?
Egonean bagaude
jartzen gara urduri
denbora galtzen ari
garela dirudi,
egitekoak batu
ohi zaizkigu guri
bat amaitu aurretik
hasten ditugu bi.
Bai, erritmo bizia
daroa bizitzak
lan kargak, hipoteka,
etxeko baldintzak…
Baina sarri erabiltzen
dugula deritzat
ardurak ez hartzeko
dugun aitzakitzat.
Aldatu egin behar
genuke jarrera
honek baikaroatza
leku okerrera.
Bizitza bizitza da
eta ez karrera
batzutan geratzean
egiten da aurrera.
Ez naiz eredu ona
argi gera bedi
baina bertsooi adi
daude zenbait begi
zuentzat aholku bat
ote da zilegi?
Lasai bizi zaitezte
baina ez lasaiegi.
Zortziko estuan

Doinua: Arantzazun Maria
Sei email minutuko,
poltsan hamar giltza,
presaz zabiltzaneko
hozgailuko pizza…
Etxahun, beraz, hau al da
helduen bizitza?
Ala inoiz ez bezain
presaka gabiltza?
Kirola, ikasketak,
zortzi orduz lana,
lagunak, bikotea,
ganorazko jana…
(Ez dakit nik munduak
putz hau badarama
jendea nola izan
daitekeen ama).
Nola itotzear den
munduak nakarren,
estututako egun,
gau eta abarren
segidan hala nabil
inoizko zabarren,
kafe-tarteak jartzen
Google Calendarren.
Bateko zein besteko
lantxoen mezuak,
zerbait eskatu duten
horien kexuak…
Eta gaua heltzean
horren ifrentzuak:
ezin ditut erantzun
lagunen mezuak.
Nahiz oraingoz ez dudan
zaintzeko ilobarik,
nahiz ez dudan jarraitzen
erloju modarik…
Orratz tartean ez da
segundu sobrarik,
estresatzeko ere
ez dut denborarik.
Itoarena zer den
berez badakit nik,
da burmuin pusketa bat
moztua erditik,
hala bertso hauetan
(ez, ez da nagitik)
ia ezin naiz pasa
zortziko txikitik.
Iristeko korrika,
ez heltzeko larri,
belarrian liztor bat
dugunak igarri…
Gertatzen zaigu (hala
esanda elkarri)
ez hemen ta ez orain
sentitzea sarri.
Tarteka aldi batez
(urtean bi-hiru)
nahiz eta gelditzeke
presaka ari gu,
gure planak eta lanak
(estresak hori du…)
gorputz gaixotu batek
gelditzen dizkigu.

