Billete bat
Billete bat –
Ruper Ordorikari galdetu zioten behin, seguruenetik gehiagotan baina nik behin entzun nuen, ea zein izan den bere ustez inoiz eman duen kontzerturik onena. Lasai erantzun zuen: “Seguruenetik nire ustez onena dena ez zen izango hain ona, eta txarrena dela uste dudana ere ez zen izango hain txarra”. Nire oroitzapen bertsolaristikoak errepasatzen ditudan aldiro, gogoratzen naiz Ordorikaz. Hala ere, badira akordu txarrak, edo bereziak. Batzuek saioagatik, giroagatik, entzun genituenengatik… Bat kontatze aldera, badut iltzatuta gelditu zitzaidan egun bat. Ez da inoizko saiorik desagradableena, baina egun kuriosoa gelditu zitzaigun. Kausaren alde egindako saio baten kronika egingo dizuet, baina asko izan dira kausaren aldekoek zaintzari erreparatu gabe antolatu dituzten sos biltzeak.
Kontua da, duela urte mordo bat, 30 gutxi gorabehera, Bizkaiko meatzaldeko herri batean kantatzera gonbidatu gintuztela. Egun osoko egitaraua antolatu zuten. Giro ona aurkituko genuela pentsatu genuen baietz esan genuen momentutik, eta gure artean antolatu ginen haraino iristeko. Hiru bertsolari ginen, eta bakarrak zeukan karneta: besteok oraindik 16-17 urte genituen. Hirurok neskak, hirurok bertsotan egiteko gogo handikoak. Hirurok ohituta autoritaterik ez izaten. Hiruron bertsolaritasuna jartzen zuten oraindik zalantzan leku askotan. Elkarrekin egin genuen harainoko bidaia: zaharrenaren mutil lagunak eraman gintuen.

Iritsi ginen, aparkatu genuen, eta konturatu ginen eguraldiak bakarrik ez, pronostikoek ere huts egin zutela jaialdian. Jende gutxi samar zegoen, denak frontoi barruan kanpoan euria zelako, eta bertso saioa behar baino beranduago hasiko zen. Herri bazkaria bazegoen berez, baina guk hura baino lehen egin behar genuen saioa, eguerdian. Gero jai izango genuen geuk ere. Trago bat edo bi hartuko genituela pentsatzen genuen iritsi ginenera arte. Iritsi ginenean, planak aldatu egingo genituela pentsatu genuen denok. Plaza zaila izango zela ikusten zen: umeak puzgarrietan, gurasoak tabernan… parrandarako giroa bazegoen, baina bertsotarako, ez dakit bada.
Esandakoa baino beranduago hasi ginen bertsotan, baina kantatu genuen. Mikrofonoaren indarrak ez zuen ematen han zegoen giroaren gainetik kantatzeko adina, beraz, entzun ere ez zitzaigun egiten. Orduan ez genion gure buruari ezer erabakitzeko autoritaterik ematen, eta saioa motzegia egiteak beldurra ematen zigun. Han jardun genuen jo eta ke, norentzat kantatzen ari ginen arrastorik gabe. Aurrean jarri zitzaizkigun hiru edo lau, baina ez dakit haiek ere entzuten gintuzten. Gu ostera fin: gutxienez 45 minutu bete egin behar genituen. Eskerrak gutako baten bikotea, kotxean eraman gintuena, bertsozale itsua zen eta den; hura adi zegoela bagenekien. Gero esan zigun adi egon bai, baina ez zegoela entzuterik. Bolumen gutxi zeukan bozgorailuak, eta oihartzuna egiten zuen frontoian.
Egin genuen saioa, eta joan ziren denak bazkaltzera. Guk ez geneukan gonbidapenik berez. Hori gure errua ere izan zen inorena izatekotan: pentsatzen genuen eguerdian saioa egin eta gure airera pasatu ahal izango genuela eguna. Etorri zen zorrak kitatzeko momentua, eta esan ziguten ezin zigutela behar adina ordaindu. Euriagatik jende gutxiago hurbildu zitzaien eta egunean ateratzen zutenaren arabera ordaindu behar zituzten parte hartzaileak. Beti gogoratuko naiz 5.000 pezetako billete hartaz. Hirurok begiratzen genion begiak zabal-zabal, eta hiruron artean nola banatu asmatu ezinik, kotxea eraman zutenei eman genien zati handi bat eta bestea hartu genuen besteok.

Alferrik kantatu genuela iruditu izan zait askotan, baina agian, leku batzuetan egon egin behar izan dugula ere esaten diot neure buruari. Urteekin entzuleek, antolatzaileek eta geuk ikasi egin dugu zein den funtzionamendu egokia. Ikasi egin dugu nola antolatu, zein baldintza eskatu, zer den duintasuna… kontua da, orain ere kausen alde kantatzea gustatu egiten zaidala, baina kausatik kausara, antolakuntzatik antolakuntzara alde ederra dago; baita bakoitzaren aukeren artean ere. Ez baita gezurra, beste behin presoentzat dirua ateratzeko barrikote batera joan, eta geure afaria ordaintzeaz gain, dirua jartzea tokatu zitzaigula antolatzaileek galerarik behintzat izan ez zezaten.

