Udane Mugerza Salegi: “Arnasgune ibiltaria da txapelketa”

Hiru urtez herrialdeetako bertsolari txapelketak jokatu ostean, zikloa ixtera dator Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa; irailaren 19an hasiko da, Hazparnen (Lapurdi). Borondatezkoen eta Bertsozale Elkarteko langileen artean sortua, prozesu luze baten ostean loratuko da aurtengo egitasmoa, eta antolatzaileak prest daude bertsozaleak piztu eta komunitatean eragiteko.

Udane Mugerza Salegi –

Maria Ortega Zubiate, ARGIAn.


Udane Mugerza Salegi
Arg: Bertsozale Elkartea

Hilabete askotako lana izan da. Txapelketa hasteko astebeteren faltan, dena prest?

Dena prest dago, bai. Denbora daramagu barne mailako lanketak egiten; barne maila diot, baina hori geruza askotarikoek osatzen dute. Zentzu horretan, jende asko dabil lanketan, soldatapeko edo borondatezko: talde dinamikan gabiltza, erritmo askotarikoak uztartzen, denon artean egingo dugu txapelketa. Azken ukitu batzuk falta zaizkigu eta aldiro joango gara egiten, txapelketak irauten duen bitartean ere bai, baina hein batean prest eta gogotsu gaude hasteko eta poza kolektibizatzeko.

Aurtengo edizioaren berri nagusia izena bera da, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izango baita lehen aldiz. Nondik etorri da izena aldatzeko erabakia?

Bi arrazoi daude. Batetik, herrialdez herrialde egindako ibilbidearen azken geltokia da Euskal Herriko txapelketa. Udazken honetan txapelketa bat eta bakarra egongo da, baina hona iristeko herrialdeetan beren txapelketak egon dira; beraz, zentzu batean, ziklo baten parte da. Eta lurraldeetako txapelketen izena ere era horretara osatzen denez, Euskal Herrikoari ere izendapen bera jartzea egokiena zela iruditu zitzaigun, nolabait ere, bateratzeko. Eta beste alde batetik, Bertsozale Elkartearen zehar-lerroetako bat lurraldetasuna denez, nazio ikuspegia lehen lerrora ekartzeko borondatea ere badu.

Lehen fasean aurten zazpi saio izango dira, ohikoa baino bat gehiago; lurralde bakoitzean saio bana izango da. Lurraldetasunari begirako keinua da?

Bai. Txapelketaren helburuetako bat bada bertsolaritza sustatzea Euskal Herriko eremu guztietan, eta zentzu horretan zazpi saioak zazpi lurraldeetan egitea izendapenaren ildo beretik dator: nazio edo lurraldetasun ikuspegiari ekarpena egitera. Sei bertsolari gehiagok parte hartuko dute, eta saioak egingo diren lekuetan eragin nahi dugu.

Gehitu diren sei bertsolari horiek izango dira, gainera, ordezkaritza txikien daukaten lurraldeetakoak: bina Arabatik, Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik.

Kupoak handitzeak badakar herrialdeetako bertsolaritza garatzeko egin den lanari aitortza egitea, eta aurrera begira urratsak ematea ekosistema sendo hori garatzen laguntzeko; iruditzen zaigu badela akuilua, kasu honetan, herrialdeetako bertsolarien erreferentzialtasuna handitzeko.

30 urteko aldea dago bertsolari gazteenetik (Eki Mateorena, 21 urte) zaharrenera (Aitor Mendiluze, 51). Zeren seinale da hori?

Egia da plazan bertan belaunaldien arteko diferentzia handiagoa topatu dezakegula; txapelketan zertxobait mozten da. Edonola ere, txapelketak badu ezaugarri belaunaldi ezberdinetako ikuspegiak elkarrizketan jartzea; belaunaldi edo, oro har, ezaugarri ezberdinetako jendea. Adinean ere hori islatu daiteke.

Feminismoa da Bertsozale Elkartearen hirugarren zehar-lerroa. Parte-hartzaileen kasuan, ia parekidea da errealitatea; urte gutxian aldatu da egoera. Plazak bizigarri egiteko lanean zabiltzate?

Elkarteak, komunitatea osatzen duen kide gisa, dinamikak eta proiektuak abiatu ditu hori bera sustatzeko: horren adibide da Ahalduntze Bertso-Eskolak pasa den ikasturtean hamargarren urteurrena betetzea. Eta, hain zuzen ere, hori ere bazetorren plazak akaso presentzia ematen ez dieten horiei lekua emateko helburutik: hasieran emakumezkoena zen, eta duela urtebete subjektua eguneratu da eta genero disidenteak ere hartzen ditu kontuan. Eta elkartetik kanpo feminismotik bertsolaritza ikertu denetan Bertsozale Elkarteak lagundu egin du.

Beraz, Bertsozale Elkartea komunitate gabe ez denez ezer, komunitatearekin batera eta komunitatea bera garatzen joan den zerbait izan da. Eta zentzu batean iruditzen zait erreferentzialtasuna landu dela, eta ikusgarriak ez ziren gorputz eta profilak oholtzaratu ahala, bertsolarien artean iruditeria aldatu dela;  beste gaitegi batzuetara iristeko aukera ere egon da, eta horrek, ziur aski, publikoan ere badu eragina.

Gauza bera esan genezake gai-jartzaile eta epaileetaz ere, antzeko logikekin funtzionatzen baitugu: bertsolarien artean bezala, horiekin ere lanketak egiten dira askotariko ikuspegiak egon daitezen.

Bertsozale Elkartea “Euskal Herriaren ulerkera ematen dizun leku pribilegiatua” dela esan zuen Xabi Igoa lehendakaritza taldeko kideak ARGIAko elkarrizketan. Txapelketa ere horrela da? Badu Euskal Herriaren ispilu izateko helburua?

Bai, jakina. Euskal Herri osoari kontatu eta kantatzen dio txapelketak, garaiari berari; uste dut, gainera, komunitatea badagoela hori jasotzeko momentuan. Txapelketa horra begira egotetik harago, uste dut esan genezakeela arnasgune ibiltari bat dela, eta txapelketa antolatzeko modua herrigintzako moldeetatik sortua dela, soldatapeko eta borondatezkoen lanaren uztartze horretatik, proiektuak badu-eta kolektibitatean funtzionatzea, poz eta pasiotik aritzea.

Lau urteko ziklo baten ostean heldu da Euskal Herrikoa. “Sumendi” gisa definitu zenuten aurkezpenean. Zer da txapelketa Bertsozale Elkartearentzat?

Egitasmo ikusgarrienetako bat da, gainontzeko proiektuak ere lur hartzea ahalbidetzen duena. Bertsozale Elkartearentzat bultzada bat da, eta gauza bera esango nuke kanpora begira: komunitatea indartzeko eta garatzeko momentua da. Txapelketak dakarren erakusleiho izaera horretatik, egunerokoan plazan dauden saioen ehuneko txikiena bada ere, bozgorailu eta foku handia da. 

Lau urteko ziklo batek ekarri dakiguken astinaldia, zentzurik onenean, bertsolaritzarentzat positiboa da, komunitatea ukitzen du, pizten du, eta hori zikloen logikan mantentzea komenigarria da.   

Udane Mugerza Salegi  Udane Mugerza Salegi  Udane Mugerza Salegi