Ai, Xenpelarrek baleki

Ai Xenpelarrek baleki –

Xabier Isasi Balenziaga, Bidasoko Hitzan.


Ai Xenpelarrek baleki
Xenpelar bertso eskolako erasoak salatzeko elkarretaratzea. BERTSOZALE ELKARTEA

Doinua: Iparragirre abila dela

 

Petriarena, Juan Frantzisko

Xenpelar izenordeko

Errenteriko bertsolaria

gizona, izen oneko

orain bere kalteko

ernegu egoteko

Ai Xenpelarrek baleki

zer gertatu den Errenterian

bere eskolan zehazki!

 

 

Emazte batzuk salatu dute

eraso latzak eskolan

irakasleak iraindu eta

tratamendu txarrak eman

neska gazteek jasan

eskolan eta plazan

Ai Xenpelarrek baleki

esango luke orain ez dela

lehengoa baino hobeki.

 

 

Alkateak du agindu eman

ixteko bertso eskola

arriskutsua dela deritzo

matxismoaren gandola

kiratsa dariola

uhertu erriola

Ai Xenpelarrek baleki

bere hobian egingo luke

amorruz negar emeki.

 

Errespetua galtzen badugu

edozein pertsonarekin

egindakoa ez da zuzentzen

aitorpen hutsalarekin

jendilaje horrekin

edo basabereekin

Ai Xenpelarrek baleki

bera errudun senti zitekeen

gure antzera bereki.

 

 

Bertso eskola izan dadila

denon eremu seguru

irakaslea ez dadin izan

ez jainko eta ez guru

biktimak zu eta gu

salatu behar dugu

Ai Xenpelarrek baleki

errudunak non gordeta dauden

aitortu eragabeki

 

 

Emakumeek epaitu dute

Errenteriko auzia

hori ez al da beste modu bat

egiteko justizia?

matxismoren jauzia

errotik erauzia

Ai Xenpelarrek baleki

berriro ere berrehun bat urte

bizi behar herabeki.