Ruben Sanchez
Ruben Sanchez

2026-10-06

Epaileen kontra, bertso(l)ar(ie)en alde

Epaileen kontra bertso(l)ar(ie)en alde –

Idatzi dut “kontra” eta gero “alde”. Bestela nork irakurriko luke? Eta behin idazten hasiz gero, amesten duzu han irakurleren bat… Epai nazazue lasai, e!

Epaileen kontra bertso(l)ar(ie)en alde

 

Txapelketa sasoian gaude, bertsolariek eta bertsozaleek epaileak aipatzeko (epaitzeko) ordua. Gaixoak. Ea: argi dago epaileak bertsolari zapuztuak direla, ahal izan balute bertsolariak izango ziratekeen, baina ezin, eta mendekua jakina da: gogoko ez dituzten bertsolariak putea… puntuz zigortzea. Puntutxo bat hemen, puntutxo bat han, eta izorra hadi, Mari Karmen!

Neuk ere esango nuen zerbait inoiz epaileen kontra, ziur! Adibidez: Donapaleuko bertso saioa baxuegi puntuatu zutela. Ze gaiztoak. Noizbait epaileren bat begitan hartuko nuen (berak ni begitan hartu ondoren, beti ere). Gainera, inoiz ez dut ezer irabazi, argi dago haiengatik izan dela.

Lehenik eta behin, historiari begiratu bat emango diogu:

‒Egia ote da, neba-arreba bizkaitar eta gipuzkoarrok, aurreko mendean herrialde bakoitzetik zenbat epaile izan behar ziren negoziatzen zela? (Jakina, hizkuntz irizpideengatik, kultura, erreferentziak, det/dot eta…).

‒1967ko apirilaren 11n, EHko Txapelketa Nagusiko finalean, epaileek erabaki zuten Xalbador buruz burukora pasatzea, kasualitatea? ETAk 1967ko martxoan bukatu zuen bere V. Asanblada. Argi dago une hartan Euskal Herriari komeni zitzaiola Iparraldek eta Hegoaldek herri bat osatzen zutela irudikatzea. Uztapide eta Xalbador, buruz buru, herri oso bat, odolaren mintzoa…

Aurreko bi susmo horien frogarik ez dut, baina zalantzarik ere ez. Honakoak, berriz, lehen pertsonan ezagutu ditut.

‒Arabako bertsolari batek duela hamaika bat urte bota zidan “Aurten epaileek aramaixoarrak laguntzea erabaki dute”. Frogarik ez zuen, zalantzarik ere ez. Banuen interesa nola egingo zuten, eta galdetu nion “Zuk uste duzu txapelketa aurretik afaritxo bat egin dutela eta pentsatu dutela Arabari komeni zaiola aramaixoar batek txapela janztea? Euskaltzaindiak bultzatu du Araba aramaixotzen joan dadin?”.

Kontuz gai-jartzailerekin ere! Eurak ere bertsolari zapuztuak diren heinean, ez daude hobenetik at.

Bertsolariak, berriz, oso jatorrak eta saiatuak dira. Baldintza txarrenetan arraun egiteko prest beti: publikoaren hotza, gai-jartzailearen totela, epailearen (haren kontrako) ezinikusia…

Ofizio bateko lehen bertsoan gaitik kanpo atera zara, Orioko traineruak bere kaletik nola, kantu kidea behartzen duzu ofizioa bideratzeko maniobra arraroak egitera… Zuzeneko gauzak, aizu, bertsolariak bat-batean kantatzen du, e!

Gogoan dut Arabako final batean Radio Vitoriakoek gonbidatu nindutela esatariaren ondoan nire iruzkin super profesionalak egitera, aditu moduan. Nire puntuazioak hartu nituen saioan zehar. Saioaren bukaeran, nire buruan zegoen hurrenkera eta nire puntuazioaren batuketak adierazi zidatena ez zetozen bat 4 postutan. (Sei bertsolari ziren).

Proposatzen dut, Txapelketa Nagusia jokatzen ari den honetan, saioen ostean epaileen kontra entzuten dituzuen onenak sareetara igotzea. Uste dut x bertsolaria eta z epailea… zera.

Epaileen kontra bertso(l)ar(ie)en alde  Epaileen kontra bertso(l)ar(ie)en alde