Maite Sarasola Izazelaia
Maite Sarasola

2026-10-07

Itzulera

Itzulera –

Udazkena bertso kantari dator aurtengoan, jadanik martxan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia eta makina bat bertsozalek erreserbatu du abenduaren 20an Nafarroa Arenako finala ikusteko sarrera. Askoren agendak bete dira asteburuetako saioekin, kontuan hartuta gehienetan txapelketako saioen osteko “zera” luzatu egiten dela larunbata baldin bada. Ez naiz izango ni “zera” hori zer den azaltzen duena, ulertu dezala ulertu behar duenak, baina askoren astelehenak ajetsuak izaten dira txapelketa boladan. 

Ez dakit zenbat bertsozale, kulturzale eta euskaltzale elkartzen dituen txapelketak, baina seguru asko direla, frontoiak eta aretoak jendez lepo baino ez dira ikusi behar hori horrela dela baieztatzeko. Euskaldun identitate eta izaeraren egoa puzteko ospakizun ederra da txapelketa: mundu guztiak hitz egiten du euskaraz, bertso saio batek elkartzen gaitu, askotan euskararen inguruko gatazkei buruzko elkarrizketak egoten dira bertsoaldiak amaitutakoan, askok kamiseta pankarteroak luzitzeko aprobetxatzen dute, bada panfletoak eta pegatinak banatzen dituen jendea hurrengo manifara joateko deialdia eginez… Finean, denok irteten gara “hau da nahi dudan Euskal Herria” edo “euskal komunitate zoragarria gara” pentsatzen.

Bada, 2 urteko etenaldiaren ostean bueltan da Bertso Erronda Bilbon. Bilbotarra, gaztea eta bertsolaria naizen aldetik, uste dut ez dudala hitzez azaldu behar nolako ilusioa egin didan Bertso Errondaren itzulerak, ulertuko nauzue, ezta? Baina badaezpada, imaginatu: 4 bertsolari bertso-jolasean, txalometroa epaile, entzule bakoitzak garagardo botilatxo bana eskuan eta giro bero bezain harkorra. Ez dakit zuek baina nik erreserbatuko ditut urriaren 22ra arteko ostegun iluntzeak. 

Agian Bertso Erronda izango da bilbotar askorentzako gazteon euskaldun errebeldearen egoa puzteko lekua, eta ez naiz ni papar-puztearen defendatzaile, baina Bilbon euskaldunok bigarren mailako herritar garen heinean, horrelako bizipoz txuteak behar ditugu eragiten jarraitzeko. Behar ditugu gure hirian “hau da nahi dudan Bilbo” edo “Bilbok euskal komunitate zoragarria dauka” bezalakoak sinetsaraziko dizkiguten leku eta emanaldiak, bestela ez gara gai izango geure kontzientziak lasai uzteko ere.

Hori da guk nahi dugun Bilbo: euskalduna, errebeldea eta kantari dabilena. Ostegun iluntzeetan badugu aukera hori irudikatzeko eta hitzetara ekartzeko, beraz, sinets dezagun posible dela tartetxo batez bada ere.

Itzulera

Itzulera