Fauna ttikia koplatan –
Doinua: Isildu zaigu eguna
Ilobak bi aldetara,
eskea beti bera da:
Berriz Animalitxoen koplak
kanta itzazu osaba:
Dordoka doa poliki,
baina pazientziz,ibilki,
nora doan aski argi du ta
haraino heltzen badaki.
Geopardoa azkarra,
jale ona azkonarra,
katuek dute goxotasuna
eta zezenak indarra.
Errege-erregin lehoia,
Jirafak jotzen du goia,
baina bizitza kolorez janzten
onena, kamaleoia.
Koliak dauka garuna,
Retrieverrak maitasuna,
zerbaitegatik dugu txakurra
pertsonaren hain laguna.
Gauez beti erne hontza,
kanarioen bihotza,
loroen ohiko jarioa ta
urretxindorren ahotsa.
Oilarra ze puntuala,
ta ahatea lehiala,
zorriek berriz a ze jauziak!
matxinsaltoek bezala.
Bedarraren usaimena,
bista, Arranoarena,..
baina aidanez, Xaguxarra da
gehien aditzen duena.
Koala dugu lotia,
behin hartzen badu tokia.
Bidasoan goiti, trabaz-traba
uren kontra izokia.
Zizarea ta satorra,
biak lur azpian, horra.
Erleak ere eztia sortzen
ze bizimodu gogorra.
Lanean fina mandoa,
izurdea kontent doa
marrazoak ta kokodriloak
nork hagin zorrotzagoa.
Suge-gorriak pozoia,
Txerriak goraino lohia,
ta hartzak berriz negu gorria
lo egiteko sasoia.
Marrazki bizidunetan
na(ha)sten gaituzte umetan:
Pantera berez ez da arrosa
ta ez dabil bi hanketan.
Hipopotamoa azaldu
ta hobe, urrun ta salbu.
Sarri, osaba haserre baino
jenio txarragoa du.
Zabala eta joria,
litzateke historia,
pertsonok ere baldin bagenu
elefante(e)n memoria.
Ñuak berez du grazia,
zaldiek dotorezia,
zinaurriek berriz burugogor
bukatzen dute hasia.
Zetaz:zikoina, zirauna,..
P-z:pinpilinpauxa, pauma,…
zein ederra,zein anitza eta
aberatsa dugun fauna.
Sortak badauka segida,
baina ilobei begira,
gaur ere kopla hauek entzunez,
lo-zopa gelditu dira.


