Gero gerokoak

Martin Abarrategi-(r)en argazkia Martin Abarrategi 2026-10-14

Gero gerokoak –

 

Powered by RedCircle

 

Aulkitik altxatu, azken agurra bota eta oholtzatik jaisteko unea iristen da, oholtzarik baldin badago, noski. Aulkia ere ez da ezinbestekoa izaten. Baina bueno, momentuaz ari nintzen eta ez gainontzekoaz. Orduan bukatzen da bertso saioa, ostean datorrenari bide emanez.

Bertso saioak lez, ostekoak ere hamaika forma eta eratakoak izan daitezke. Hala ere, badira saioz saio errepikatzen diren zenbait egoera. Beti heltzen da mikrofonotik aldendu eta entzulearengana gerturatzeko momentua. Oholtza, aulkia eta mikrofonoa ez bezala, bertsolariarentzat nahitaezkoa da entzulea. Baina bueno, momentuaz ari nintzen eta ez gainontzekoaz. Hori da jendearen feedback-a jasotzeko tartea. Denetarik izaten da, iritzi zintzo eta kritikoenetatik “jo, benetan. Ze merito. Bertsoak momentuan inprobisatzen… Miresten zaituztet” gisako iruzkinetaraino.

Gerora datoz saio osteak har ditzakeen hamaika formak. Dena den, bada saio guztien ondoren iristen den beste egoera bat. Edo iritsi beharko litzatekeena, behintzat. Etxera itzulera da hori. Eta bai, momentuaz ari naiz. Baina, gainontzekoak ere aipatuko ditut. Nire kasuan, ia beti egiten dut autoz etxerako bidea, batzuetan konpainia goxoan gainera. Goxoena seguruenik gure etxeko hamaikako estelarra izango da. Zehazki, ama gidari, amama kopilotu eta atzean hiru anaiok. Ezkerretik eskuinera ordena kronologikoan, alegia, ni erdian. Gure kotxekoa bertso saio bateko publiko orokorra nahiko ongi ordezkatu dezakeen lagina iruditzen zait, arrazoiak ordea, niretzako gordeko ditut.

Beraz, aulkitik altxatu, azken agurra bota, mikrofonotik aldendu, entzulearengana gerturatu, beraien iruzkinak entzun eta kotxera iristean, horrela galdetzen diot nire laginari “Eta? Zer moduz juen da saiue?”. Bakoitzak bere eserleku eta ikuspegitik erantzuten du, baina guztiek daukate erantzun bat. Zuentzako gordeko badituzue, orain artean entzundako feedbacken bataz bestekoak erakutsiko dizkizuet:

Hala erantzungo lioke galderari gidariak:

  • “Oso ondo Matito! Bertso batzuk polittek bota dozuz, hasierako agurre ederra izen da. Eta bestiek ba bueno, mejorauko dozuz hurrengorako. Beti be ehh… mejoretako tartie eukittie ona da. Inportatiena bestiek be ederto ibili diela eta danon artien saio txukune ein dozuela”

Kopilotuak ordea, beste hau esango lidake:

  • “Bueno apur bat nerbiosotxo ikusi zaittut, baine oso ondo Martin. Oin lagunekin juen eta ensaiau eurakin. Eta aurrera juen. Beti aurrera begitxu eta aurrera juen. Uste dot zure ondoko mutile, guapue zan ehh, telebistan ikusi nela. Hori bertso saiue emuten daue ba… Hortxe. Eta zu hurrenguen be kamiseta zurixaz juen bertso saioa, moreno zaz eta ondo faboreziduten dotzu ta jajaja”

Ezkerreko eserlekukoak, berriz:

  • “Saio politte juen da, Martin. Ondo. Ondo ibili za. Hor ehh… Akats barik, akats haundi barik, hori beti izeten dala inportantie holan saio orekatu bat eitterako orduen. Eta gero… ba… golpe batzuk eta perlita batzuk botata. Eta bueno, horrek emutentzo freskotasune ta zuk badaukezu gaittasun hori ehh… ariketa jakin batzutan brilletako eta nik ondo ikusi zaittut kantuen eta pentsetan dot orokorrien danok be saio politte ein dozuela, baine indibidualien zuk brillau dozule. Asi que hoixe, pozik pozik. Pozik entzun zaittut nik eta pozik ein dozun saiuaz”

Eta eskuinekoak:

  • “Ederra izen dok, Broki, benetan. Apur bat hori, goittik beherakue. Ehh… Ez. Ehh… Behetik gorakue, behetik gorakue. Pena hoixe, ba… Zeure bakarkakuek harrapau nau kanpuen, ezin sartu. Baine, tu, esan duztie increible ein dokela. Benetan, benetan. Esa es, Broki, tu, hori dok bidie.”

Konturatuko zineten, eserleku eta ikuspegi bakoitzak bere erantzuna duela. Berdintsu gertatzen da saio osteko jendartean. Eta horregatik jaso daitezke iruzkin goxoak, kritikoak, zintzoak edota zintzoegiak. Batzuk maitasunetik egindakoak izaten dira, beste batzuk konfi antzatik, gutxi batzuk ezjakintasunetik eta badaude aretoaren kanpo aldetik egindakoak ere.

Honenbestez, zuen baimenarekin, gure etxeko hamaikako estelarra saiora animatzen den aldiro, Dacia Sanderoko laginaren iritzia lehenetsiko dut gainontzekoaren gainetik. Edo horretarako ahalegina egingo dut behintzat. Eta gainontzekoak aipatu ditugunez, momentura itzuliko naiz. Konkretuki, autoko unera. Beraz, “Ama, mesedez igo musikien bolumena”.

Gero gerokoak
Arg: PxHere
Gero gerokoak  Gero gerokoak  Gero gerokoak