Mendeetako oraleku bat
Mendeetako oraleku bat –
Gotzon Barandiaran Arteaga idazlearen analisia, Bertsozale.eus-en.

Indarkeria matxista salatzen duen lehen testigantzetatik ezagunenetakoa da Milia Lasturkoren eresia. Lizunegiak zirelakoan debekatu omen zituzten eresiak eleiza santuko handi-mandiek. XV-XVI. mendeetako bizimoduari buruzko kronikatzat ere irakurri eta kantatu litezke hileta-kanta haiek, emakumeek baino kantatzen ez zituztenak. Luzaroan iraun dute errimaturik osatzen ziren kantu molde horietako batzuek, tartean, Lasturko Miliak jasan zituen tratu txarrak salatzen zituztenak. Itxaro Bordak 1986an eta 2007an, hurrenez hurren, Milia Lastur Revisited eta Milia Lastur on the Road poemak argitaratu zituen. Sei mendetan, zuzendu baino, okertu egin den gaitz estruktural eta endemiko bati buruz izkiriatzeko baliagarri suertatu zitzaizkion XXI. mendeko idazle bati XV. mendeko emakume haien salaketak. Nik sinesten dizut.
Euskaraz inprimatu zen lehen liburuan, 1545ean, 2026an Euskal Herriko gazte euskaltzaleek aldarrikatzen dutena irakur liteke. Euskara jalgi hadi plazara. Martin Larralde Bordaxurik sufri daitekeen minik handienetako bat pairatu zuen. Etxekoek traizio egin eta kartzelan hil zen. Premua zelarik, legez zegozkion ondasunak erreklamatu zizkion aitari, oroz gain, baserria. Aitak ez zion etxebizitza lehen semeari utzi nahi eta segada prestatu zion, epaitu eta galeretan ustel zedin. Gaur eta hemen, aspaldian piztu den gatazka sozial premiazkoenagatik galdu zuen bizia Bordaxurik. Galerianoren kantua deritzon bertso-sortan dago jasota gertaera hura. Gerora jakin dugu, Piarres Xarritoni esker, bertsoak sortu Bordaxurik sortuko zituela akaso baina idatzi, berarekin kartzelan zegoen Txato izeneko batek idatzi zituela, Larraldek ez baitzekien idazten. Egilea izan zena izanik ere, deigarria da kronika hura zergatik eta zertarako kaleratu gura izan zuen:
Kantu hauek eman ditut Paube-ko hirian
burdinez kargaturik, oi! presondegian
bai eta kopiatu denbora berian
orok kanta ditzaten Hazparne herrian.
Hazpandarrek gertatu zitzaiona jakin eta kantatu zezaten. Bertso sorta hura buruz ikasi, ahoz gora kantatu eta belarriz aho eta ahoz belarri iraun zezan. Bordaxuriri gertatua pizgarri suertatu zitzaion Joseba Sarrionandiari eta Martin Larralde poema idatzi zuen, gerora Ruper Ordorikak euskaldunon artean horren ezagun bihurtu duena.
Inork ere ez du
(dena ohitura, dena errua, dena barkamena)
oroimenaren
korapiloa deslotzen.
Inork ere ez du
koblakaririk behar…
Azken hiru puntu horiek, baieztapena datekeena zalantza bihur lezakete. Ziur ez duguna koblakaririk behar? Ziur ez dituguna behar garaian garaiko gure jendearen poz-minak kantatuko dituztenak? Galdera erretorikotzat ulertzen dut nik. Bai, koblakariak behar ditugu. Eta bizi dugun mundu arrano honen egoera gero eta makurragoa ikusirik, are premia larriagoz herriz herri kantari ibiliko direnak. Eta zein dira egungo koblakari horiek? Kazetariekin batera, euskaraz kultur sorkuntzan aritzen direnak. Eta kultur adierazpide ezberdinen artean, zein da egungo bizimoldeari azkarren moldatzen zaiona? Bat-bateko bertsolaritza.
Arte adierazpide gehienek beste patxada bat eskatzen dute, sosegua, harrizko erlojua. Era berean, jendarteak behar du unean unekoari premiaz erantzungo dion sorkuntza artistikoa.
Idatzizko bertsolaritzaren zein gainontzeko arteen taupada eta turbo-kapitalismoak inposatzen digun arnasestua ez datoz bat. 2027an gaurko etxegabetzeei buruzko nobela bat argitaratzea maiztuegia egon litekeen afera bati buruz idaztea izan litekeelako eta palestinarren exterminioari buruzko dokumental bat beranduegi litzatekeelako aspalditik. Arte adierazpide gehienek beste patxada bat eskatzen dute, sosegua, harrizko erlojua. Era berean, jendarteak behar du unean unekoari premiaz erantzungo dion sorkuntza artistikoa. Gai orori buruzko informazio zein bestelako edukiak mugikorretatik xurgatzen dituen jendartea bihurtzeko arriskuan gaude (ez nahikoak baina oraindik bagara informazioa Euskal Herriko hedabideetatik jasotzen dugunak) eta sare sozialetan gezurra ari du atergabe. Ifrentzuan, artea heldulekua da, ez soilik sortzailearentzat, ezpada bizi duen munduarentzat. Digitalizazioaren iraultza adin guztietako jendearengan menpekotasuna errotzen eta kronifikatzen ari dela diote askok baino gehiagok. Sorkuntza ezer izatekotan, askatasuna da. Bertsolariak, bat-batekoan, oinek, neurriak, doinuak, kirioek, beldurrek, argiek, mikrofonoak, eskenatokiak eta plazak ezartzen dizkion mugetan bilatzen du askatasuna, bizitzaren ertzetan libertatea kausitu nahi lukeenaren antzera. Eta horren oinarri oinarrian, hitza du. Horrenbeste, horren gutxi.
Larrialdi irteera bat da bertsolaritza.
Euskaldunok badugu unean uneko larrialdi egoeretarako helduleku artistiko bat, azkura intelektuala eta emozionala eragiten dizkiguna, inpotentzia, itolarria, amorrua edota egonezina kantatzen dituena; adorea, kuraia, itxaropena, bizipoza, ahizpatasuna edota elkartasuna ernearazten dizkiguna, hausnar luze-sakona eskatzen diguna, hiztun komunitate bateko herrikide sentiarazten gaituena, zapalkuntza berdineko burkide bihur gaitzakeena. Larrialdi linguistiko betean, euskara erabiltzeko gaitasuna areagotzea lortu eta euskara, bere kulturgintza, bere historia, bere jendearekiko atxikimendu afektiboa iraunarazi bezala piztu behar dugun garaiotan, larrialdi irteera bat da bertsolaritza.

