Eskerrik asko –

Aldizkariaren zatitxo hau aprobetxatu nahiko nuke mezu txiki bat idazteko nire kuadrillako lagunei, nahiz eta seguruenik ez duten inoiz irakurriko. Finean, eskerrik asko esatea da helburua, nire eskerrik zintzoenak eta goxoenak transmititzea, zaila izaten baita sarri ahots goran barnetik datorren zerbait adieraztea; momentua, hitzak eta moduak aukeratzea.
Zenbait bertsolariri entzun izan diot bertso mundutik kanpoko haien lagunak ez direla haien saioetara joaten, eta, joatekotan, soilik salbuespenezko kasuetan izaten dela, hala nola, final garrantzitsu batera heltzen direnean edo (eta bertaratzeko erreztasuna dagoenean). Nik emantzat jotzen nuen zerbait zen, nire lagunartean beti lehenetsi eta ohitura izan delako gutako batek zerbait berezia egiterakoan besteok babesa ematera joatea, izan dantza erakustaldi bat, arte erakusketa bat, musika emanaldi bat… eta agian zaleak ez direnentzako exigenteena: bertso saio bat. Ahal izan duten guztietan etorri dira lagunak nire saioak ikustera, izan bertso poteoa, plazako saio libre bat edo txapelketako saioak, izan debalde edo ordainduta, izan gertu edo urrun. Gogoratzen dut lehenengo saioetako batean (Covidaren osteko oso jende gutxiko plazako saio batean) nola etorri ziren nire izena bihotz handi baten ondoan zuen kartel handi batekin, eta nola altxatu zuten bukaerako txaloekin batera, ezagutzen ez zuten ohiko protokoloari jaramonik egin gabe. Gogoratzen dut nola etorri izan diren urtero Gasteizko jaietako Aihotz plazako saiora, blusek eta neskek jantzita eraman ohi duten resakaz, eguerdiko ordubatetan eguzkitan urtzera. Gogoratzen dut ere Zarautzeraino ni entzutera etorri zirenekoa, eta nola antolatu genuen asteburuko plana horren bueltan. Eta ni entzutera diot ez harrokeriaz, baizik eta betiereko esker onez, badakidalako ni babestera etortzen direla badakitelako ilusioa egiten didala haiek bertan egoteak, eta badakidalako bestela ez litzaiekeela okurrituko bertsoak entzutera joatea, izan Zarautzen edo Gasteizen. Beste gabezia batzuk izango ditu gure kuadrillak (bai gureak konkretuki eta bai instituzioak berak), baina elkarren mobidetara gerturatzeko eta babesa eskaintzeko ilusioa eta prestutasuna ez da horietako bat inondik inora. Horrexegatik, aldizkari honen berririk ere ez duzuen horiei eskerrak eman nahi dizkizuet, eta, bide batez, barkamena eskatu, saio kriminal batzuk ere irentsi dituzuelako ni entzutearren. Mila esker bihotzez, eta espero dut luze mantenduko dugula elkarren gauzatxoetara bertaratzeko ohitura polit hori.
Pd. Oraindik badaukat nire izenarekin eta bihotz batekin egin zenidaten kartel koloretsu hori. Asko maite zaituztet.

