Azaroaren 20an jokatuko da XII. Mariano Izeta sariketa Erratzun
XII Mariano Izeta sariketa Erratzun –

Aurtengo sariketa saio bakarrean jokatuko da, Etxelebert elkartean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatutako sariketa honetan 16 eta 30 urte bitarteko zortzi bertsolarik hartuko dute parte, nafarrak guztiak. Honako bertsolariak entzun ahalko dira kantuan:
- Antton Ciriza Saragueta
- Endika Legarra Nuin
- Idoia Granizo Uribarrena
- Julen Bernaldo de Quirós Royo
- Kattin Madariaga Apaolaza
- Malen Alzuart Aranburu
- Mikel Lasarte Cia
- Patxi Bueno Munarriz
Gai-jartzailea Iratxe Legarra Nuin izango da.
Sariketa 2004an antolatu zen lehendabizikoz, eta bi urtetik behin jokatu da harrezkeroztik. Honako bertsolariek irabazi dituzte edizio ezberdinak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Saats Karasatorre, Xabat Illarregi, Sarai Robles eta Ekain Alegre.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak honako informazioa zabaldu du Mariano Izeta zenari buruz:”Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta. Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen. Izeta Sariketak Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten”.

