Martin Arrupe Denis ‘Harlux’ bertsolari urruñarra
Martin Arrupe Denis Harlux urruña –
Joseba Aurkenerena, ZuZeun.
Urruñan izan dira, eta gaur ere badira, bertsolari handiak. Zoritxarrez, horietako batzuk erdi ahantziak ditugu. Hori da Martin Arrupe Harlux-ekin gertatzen zaiguna. Egia erran, ez daukagu berari buruzko informazio handirik, eta Beñat Soulé-k 2011n, Euskaltzaleen Biltzarren bitartez, plazaratu zuen “Neurtizlari, bertsulari Iparraldez” izeneko liburu eder eta aberatsean aurkitu dut iturri osatuena, baita Armiarma Sarean bilduta dituzten bere bertso bilduman ere.

Hala eta guztiz ere, oso datu gutxi daukagu. 1823ko otsailaren 23an sortu zen Lapurdiko Urruña herrian, 1856ko agorrilaren 9an, Koxepa Zelaieta urruñarrarekin ezkondu zen, hiru seme ekarri zituzten: Joanes, Frantxua eta Sabastian, Harlux (edo Harluxet) etxean bizi ziren, eta hortik zetorkion ezizena, eta lanbidez laboraria izan zen. 1887an zendu zen.
Zaletasunez bertsolaria, bertso-idazlea eta bertso-jartzailea izan zen. Bertso sailak aurkeztu zituen maiz garaiko sariketetan eta bere garaiko beste olerkari eta bertsolari handiekin, Jean Battitt Elizanburu, Otxalde, Joanes Berges… eta gainerakoekin lehiatu zen herrietako Lore Jokoetan. Bere bertso sailetako batzuk sariztatuak edota aipatuak izan ziren. Ikus dezagun:
1858an, Antton Abadiak Urruñan antolatu zituen Lore Jokoetan aipamen berezia eman zioten aurkeztu zuen “Aditzea bera” izeneko sailari. 1862an, Urruñan ere, ohorezko aipamena eman zioten aurkeztu zuen “Hordiaren astelehena” izeneko sailari. 1866an, Saran, ohorezko aipamena eman zioten. Sailaren izena: “Gizon gazte soldado zortean erorien animoa”. 1877an, Donapaleun, lehen saria atzeman zuen “Xori kaiolatik ihes joan dena” bertso sailarekin, eta 1879an, Elizondon, ohorezko aipamena eman zioten. Sailaren izena: Adios Ameriketari”.
Gaur, Arruperen hogeita hamar bat bertso sail ezagutzen ditugu. Horietako ainitz, Armiarmaren sarean agertzen dira. Zoritxarrez, ezin dugu zehazkizun gehiago eman. Horren ordainez, Armiarma saretik hartutako bi bertso sail eskainiko dizkizuet segidan.
Biba Eskal Herriak eta biba gure antzinekoak
Martin Arrupe
Airea: Gernikako arbola…
1
Kantatzera goazi zenbeit bertsu berri,
Ohore emateko eskal herrieri,
Nahi bagare bizi urus eta ungi,
Lekhu maite hautarik ez gaitezen mugi.
2
Biba Eskal herriak, biba gure Larrun,
Ez dugu bizi nahi zure ganik urrun,
Usario zaharrak imita detzagun,
Elgar haurride gisa maita eta lagun.
3
Utz beraz Amerikak, utz beraz Indiak,
Ez dire ez han ere zorion guziak,
Urrungo berrieri tapa beharriak,
Goza dezagun gure lur aitek utziak.
4
Zuek jendeketari espantulariak,
Eraman ditutzue gure gazteriak.
Horra burhasoentzat zer pena handiak,
Ez baitzituzten ustek hortako haziak.
5
Erdiek berririk ez bizi diren ere,
Hainitz burhaso hola penatuak dire.
Gizon gazteak othoi adi nazazue,
Ez zaiteztela izan holakoen pare.
6
Ohora burhasoak, ohora herria,
Ez baduzue nahi laburtu bizia,
Pausa behin bethikotz, pausa gazteria,
Zerutik ifernurat ez gaiten abia.
7
Hemen baino hobeki non duzue uste,
Edo ez ditutzue sor lekhuak maite.
Guanak diren zenbeitek orai han diote,
Espantulari txarra tronpatu gaituzte.
8
Gure lekhu maiteak bethikotz utziak,
Huna norat gaituen ekharri untziak.
Hola dire hainitzen hango erasiak,
Orai ez du balio gure urrikiak.
9
Gure aiten aitetan ez zen holakorik,
Bat ez zen aldaratzen hamar miletarik,
Behi, zikiro, ardiz, mendiak betherik,
Intres ederrak hartzen zituzten hetarik.
10
Batzuek mendietan, bertziak landetan,
Antoski hari ziren zoin bere lanetan,
Erretiratze ona igande bestetan,
Holako guti baita oraiko gaztetan.
11
Izan gaitezen beldur ethorkizunari,
Beha gure zaharren etsenplu onari,
Bainan sekulan ez da behar zuhurregi,
Adios, jende onak, zuen zerbitzari.
Xori kaiolatik ihes goan dena
Martin Arrupe
Airea: Soldadoaren paga bi sos eguneko.
1
Kaiolan nintzenean maiz nindagon triste,
Kanpoko lagunetan bainuen sinheste,
Librotasuna ona zela nuen uste,
Orai arte.
Amets, amets zoroa! hik egin nauk kalte.
2
Banuen zertarik jan, bai-eta zer edan,
Deusen eskasik etzen enetzat kaiolan,
Bainan guzien gatik nintzen errenkuran,
Banuen lan,
Aski zabalik ezin arterik atzeman.
3
Ene arthatzailea fidaturik nitan,
Athea idekirik behin utzi zautan,
Nahi nuena egin orduan ni hautan,
Lorietan,
Lagunetara laster goan nintzen airetan.
4
Lehen ni usatua lo trankil egiten,
Orai huna berri bat zer dudan aditzen,
Gau-ihizi batzuek direla ibiltzen,
Xori biltzen,
Aztaparren artean dituztela hiltzen.
5
Gabaz beldur bizian, egunaz ikharan,
Non-nahi hirriskatzen sartzea segadan,
Holakorik etzaitan burura, kaiolan
Nintzenean,
Zoin gaizkiago naizen hobeki ustean!
6
Hegalttoak oraino ditut laburregi,
Nik nola ihes egin belatx gaixtoeri?
Bertzeak bezin airos ez naiteke segi,
Laguneri,
Zer lana eman dudan ene buruari.
7
Ene hegalak aski luzatu orduko,
Uda akhabaturik negua hasiko,
Berriz uda-lehenik ez da ethorriko
Enetako.
Izotz, elhur, hormetan, nola naiz biziko?
8
Gaztea nahi bada egon segurean,
Ez dadiela eror nik egin hutsean,
Bainan asmu hoberik harturik buruan,
Deskantsuan,
Egon bedi kaiola ongi zerratuan.

