Lertxunak hegoalderantz
Lertxunak hegoalderantz –
Oihana Arana Cardenal, ARGIAn.
Udazkena. Ez dakit baden Miarritzeko saioko eguna deskribatzeko hitz egokiagorik. Nekatuta eta hoztuta heldu nintzen frontoira. Badakit ez dela bertso saio batekin gozatzeko gorputzaldirik egokiena, beraz, irakur ezazue, mesedez, nire berba bakoitza hori kontuan hartuta.

Gehienek fase bukaerari eta aurrera egin nahiari kantatuko ziotela uste banuen ere, tonu jolastian hasi ziren hasierako agurrak. Eskertu nuen bertsolarien aukeraketa: beti da interesgarria entzulea kalkulagailuak itzali eta unean unekoari adi egon dadin konbentzitzen saiatzea. Hitz jokoak egin zituen Andoni Rekondok, bertsolari guztiak aipatu zituen Maddalen Arzallusek, errepikapen asko zituen doinu berezi bat aukeratu zuen Julio Sotok…
Sotok irabazi zuen saioa, ofizio guztietan beretik zerbait utzi eta bakarkakoan puntu pila bat zakuratu eta gero. Finalerako txartelaren erdia, txalo zaparrada izugarri handi bat eta gutxienez astebete iraungo dion poza eskuratu zituen horrekin batera. Gutxienez astebete diot, hurrengo saioa aste honetan bertan izango duelako, Donostian. Ez dakit kalte ala on egingo dion bi saioak hain epe laburrean izateak. Ikusiko dugu.
Sustrai Colina izan zen saioko beste protagonista. Nik ez nion txapelketan lur hartu berri duenaren ajerik igarri. Zuzen eta zorrotz aritu zen lehen bi ofizioetan eta azkenengoan ere bai. Arzallusekin batera egindako puntukako saioak ez hotz eta ez bero utzi bagintuen ere, bakarka (potoa albo batera utzita) gaiari distira ateratzen jakin zuen bakarrenetakoa izan zela esango nuke. Eta hori, Ekhi Erremundegiren ahotik oso bakarkako gai onak entzun genituela iruditu zitzaidala kontuan hartuta, pena izan zen.
Bigarren itzulirako txartela eskuratu zuen azken bertsolaria Maddi Ane Txoperena izan zen. Ondo ikusi nuen lehen eta azken ofizioetan. Argi eta elkarrizketari garrantzia emanez. Baina tartekoetan ohituta gauzkanetik apur bat beherago aritu zela iruditu zitzaidan. Une oro lanean igarri nuen, eta beti asmatu ez arren, tarteka puntu on batzuk ahoskatzea permititu zion horrek.
Beste aukera bat izatetik bi puntura geratu ziren Oier Etxeberria eta Arzallus, puntu kopuru bera bilduta. Etxeberriak ariketa batzuetan gaiari heltzeko moduetan asko asmatu ez zuela iruditu bazitzaidan ere, bertso bakoitzean gaiari egoki zetozkion erreferentziak sartzen aritu zen. Eta horri esaldiak josteko duen finezia gehitzen badiogu, nahiko erraza da entzuteko bertsolari gustagarria izan zela ondorioztatzea.
Sentsazio ona izan nuen oro har Arzallusekin ere. Ale onak utzi zituen, bertsoei esan nahi zuena garbi izanda ekin ziela iruditu zitzaidan gehienetan. Hala ere, kostatu zitzaion ariketak biribiltzea. Hamarreko txikian lortu zuen, ordea. Ondo hasi eta bertsokideari erantzuten aritzeaz gain, goitik beherakoa izan zen ofizioko bere azken bertsoa. Ez da txapelketa agurtzeko modurik txarrena.
Rekondo sailkatu zen seigarren. Sotorekin batera egindako puntukako saioa izan zen bere ariketa gogoangarriena, eta hor plaza lehertzea lortu bazuen ere, pena hartu nuen. Badakit-eta (tarteka erakutsi zuen moduan) kakari buruzko txisteak baino askoz gauza gehiago (eta interesgarriagoak) egiteko gai den bertsolaria dela.
Honenbestez, amaitu da finalaurrekoen lehen itzulia, badoaz lertxunak hegoalderantz. Hegaldi ederrak espero dira Hego Euskal Herriko hiriburuetako zeruetan. Ea ez den ehiztaririk agertzen.

