"Ahots baten sormen egonaldia", abenduaren 26tik 30era

Ahots baten sormen egonaldia 2026 –

Ahots baten sormen egonaldia 2026

15 eta 22 urteko gazteei begira antolatutako jardunaldia da. 2015ean egin zen lehendabizikoz, beti ere Arantzako aterpean, eta aurten ere hala izanen da, abenduaren 26an hasi eta 30a bitarte. Antolatzaileek adierazitakoaren arabera “egonaldiaren asmoa gazteek sormenari bide ematea da, elkarren arteko harremanak sortzea eta esperimentatzeko espazio bat eskaintzea da”. 

Partehartzaileek, hainbat sormen diziplina landuko dituzte: bertsolaritza, literatura, kantagintza, antzerkia…  Sorkuntza molde ezberdinetan aritzen den hezitzaile taldea izango dute eurekin lanean, eta hori gutxi balitz, alor horietako bakoitzean sakontzeko tailerrak eta emanaldiak ere izango dituzte sortzaile gonbidatuen bidez.

Hezitzaile taldea Oihana Aranak, Iholdi Beristainek, Naroa Goñik eta June Aiestaranek osatzen dute. Sortzaile gonbidatuak ondorengoak dira: Olaia Aguayo aktorea, Maruxak musika taldeko kideak, Maite Caballero ilustratzailea, Harkaitz Cano idazlea, eta Miren Amuriza eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak.

Elkarteak urtero antolatzen duen Eskolartekoko finalistak egonaldian izango dira, Euskal Herriko finalisten sari nagusia baita, baina gainerako gazteentzat ere zabalik da izen-ematea. Izena emateko epea azaroaren 12an zabaldu zen, eta abenduaren 4an bukatuko da. Matrikularen prezioa 130 eurokoa da autobusa, lotarako lekua eta jatekoak barne.

Ahots baten sormen egonaldia 2026