2021ean ez da Bertsolari Txapelketa Nagusirik izango

 

2021ean ez da Bertsolari Txapelketa Nagusirik izango –

Beste hainbat bertso txapelketekin gertatu den gisan, Bertsozale Elkarteak txapelketa nagusia atzeratzea erabaki du, fetxarik zehaztu gabe.
 
2021ean ez da Bertsolari Txapelketa Nagusirik izango
Arg: Conny Beyreuther
 

Egoera ez-ohiko honetan txapelketa ospatzeko baldintzarik ez dagoela ondorioztatu du Bertsozale Elkarteak: “Pandemiaren eraginez, bertso saio ugari bertan behera geratu dira, eta bertso-eskolek zailtasunak dituzte normaltasunez aritzeko. Bestalde, orain pentsaezina den jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldia da txapelketa, eta, osasun irizpideak aintzat, gerta liteke momenturen batean parte-hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea. Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago”.

Txapelketa nagusiaz gain beste asko dira bertan behera geratu direnak: Bizkaiko txapelketa, Arabakoa, Nafarroakoa, baita Xilaba txapelketa ere. Lehenean, Udabarria Bertsotan sailkapen fasea eginda hurrengo pausoa ez ematea erabaki zuten, eta, bigarrenean, txapelketa eten egin zuten, urriaren amaieran Frantziar Estatuan neurri berriak ezartzearen ondorioz

“Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dugu data berria”. adierazi du Elkarteak. 

Dena den, elkarteak azpimarratu nahi izan du bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarriko duela aurrerantzean, osasun neurriekin bat datozen protokoloak adostuz gero “kultura eta bertsolaritza bizigarriak direlako”. Bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri eta plaza sustatzeko ekimena aurkeztuko dute hurrengo egunetan.

2021ean ez da Bertsolari Txapelketa Nagusirik izango