2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa martxan da

Hemen da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta berau aurkezteko elkartu ziren iragan ostiralean bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile eta bertsozaleak Azpeitiako Sanagustin kultur gunean. Aurkezpena bertan egiteko arrazoia Dinamo sormen gunea hurbil izatea da, bertan lau sormen egonaldi egin baitituzte txapelketaren irudiaz, soinuaz eta formaz hausnartzeko. 

2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa martxan da –

Irati Antia Zuaznabar aurtengo Txapelketako iruditeria zuzenean serigrafiatzen aritu zen, eta Malen Agirre Sarasua finaleko eszenografia margotzen. Bilaka dantza taldeak eman zion hasiera ekitaldiari, publiko artetik oholtzara egindako dantzarekin.

Andoni Egañak pare bat bertso eskaini zizkien Txapelketan parte hartuko duten bertsolariei, eta ekitaldia ere bertsotan itxi zuen. Antton Telleriak egin zituen aurkezpen lanak.

Antolakuntzatik honakoa azpimarratu nahi izan dute: “Txapelketaren sorkuntza prozesu kolektiboa izan da ekitaldian hizpide. Aurtengo irudia, eszenografia eta sintonia elkarlanean sortu dira, eta bertsolaritza bera ere ariketa kolektiboa dela azpimarratu da. Txapelketa bertsolaritzaren erakusleiho handiena bada ere, bertso plazaren zati bat baino ez da; lau urtean behin, ordea, bertsolaritza Euskal Herriko maparen erdigunean jartzeko aukera eskaintzen du.

Ainhoa Urien Telletxek hartu du hitza lehendakaritzaren izenean, Txapelketan zehar lehendakaritza taldea osatuko duten Ander Elortegi Garatea eta Xabi Igoa Erizekin batera.

Bertan aurkeztu da ere 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako sintonia. Lumik (Nahia Zubeldia Arozena eta Manu Matthys Dottax) sortu du aurtengoa, eta Bilaka dantza taldeak dantzaz egin du akonpainamendua.

2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa martxan da

Lehen saioa, Hazparnen

Larunbat honetan, irailaren 19an, abiatuko da EHBT26, Hazparneko Mendeala gelan, 17:00etan. Oholtzan izango dira Eki Mateorena Zozaia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Miren Artetxe Sarasola, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Anda Delika, eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Aritz Bidegain Aire arituko da aurkezle lanetan. Sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.

2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa martxan da