Anaitasunatik Arenara
Anaitasunatik Arenara –

Nafarroako Bertsolari Txapelketa finala aurkeztu da. Finala, lehen aldiz, Nafarroa Arenan izango da. Lehenik eta behin hori kokatzen ulertzeko ariketa egin behar da, Bertsozale Elkarteak urteak baitaramatza bertsoa lurralde osoan lantzen, eta egindako lana baloratzerako garaian jauzi bat emateko baldintzak zeudela adierazi du Nerea Bruñok, Nafarroako Elkarteko lehendakariak: “Bidea emankorra izan da, eta berretsita geratu da Nafarroako bertsolaritza une gozoan dagoela: bai bertsogintza aldetik, baita zaletu aldetik ere… goraldi horrek eman zigun apustu egiteko indarra, eta apustu horren erakusle da finala hemen izatea ere”. Antolakuntzatik inoizko finalik jendetsuena ikustea espero dutela adierazi dute.
Honako zortzikotea igoko da oholtzara larunbat honetan: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. “Zortziko honek argazki berri bat ekartzen digu, nola belaunaldiartekotasunean, hala genero kopuruari dagokionean”, adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, Zapiainek eta Mateorenak lehen aldiz kantatuko dute finalean.
Zaldiko Maldiko elkarte euskaltzaleak jarriko dio txapela irabazleari. 1981ean sortu zen elkartea, eta urte betera, lehen bertso eskola antolatu zuten Lontxo Aburuzarekin. Makina bat bertso ekimen egiten dira bertan: bertso eskolak, Bardoetako saioak, eskolartekoak, Señora Sariketa…
Auzolanerako deia eginez amaitu dute aurkezpena. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian.

