Arantza Plazak jarriko dio txapela Bizkaiko irabazleari

Arantza Plazak jarriko dio txapela Bizkaiko irabazleari –

Arantza Plazak jarriko dio txapela Bizkaiko irabazleari

Arantza Plaza Zamora Gizaburuagan jaio zen, 1958an. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bertsolaritza irakaslea izan da hezkuntza arautuan, Mundu bat bertso programaren bidez. 2004an hasi zen beharrean eta jardun horretan ibili da 2022an jubilatu arte. Hezkuntza arautuan soilik ez, Elkarteko beste proiektutan ere egin du ekarpena: Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazio beharretan ibili da hamaika elkarrizketa eginez; Bizkaiko Bertsogintzarako, adibidez. 20 urte ingururekin hurbildu zen gehiago bertsolaritzara, tartean, UEUko Larraonako ikastaroetan parte hartu zuen. Orduan hasi zen teknika barneratzen. Ordutik bertsolaritzari lotuta bizi izan da arlo pertsonal zein profesionalean.

Honakoa adierazi du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak: “Garai bakoitzeko errealitateari erantzun behar izan dio bi hamarkada luzeetan. Hain zuzen, hainbat errealitate ezagutu ditu Arantzak: egoera soziolinguistiko desberdinak, eskola handi zein txikiak, hiriburua eta herriak… Kasu guztietan ederto moldatu da. Bere esanetan, bertsoak asko laguntzen du euskarara gerturatzeko; baita kantuak ere, umeekin konektatzeko altxorra delako. Bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izatea eta zaletasuna piztea ez ezik, euskararekiko jarrera positiboa indartzea ere izan du helburu Arantzak. Euskara guztiak onak direla azpimarratzen zien ikasleei, euskalkiak, batua, aberatsak eta ez hain aberatsak: egiten dena da balio duena. Hezkuntza arautuan soilik ez, Elkarteko beste proiektutan ere egin du bere ekarpena: Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazio beharretan ibili da hamaika elkarrizketa eginez; tartean, Bizkaiko Bertsogintza IV liburuko dokumentazio beharretan. Txapelketa ere gertutik bizi izan du Plazak. Bizkaiko Txapelketetan boluntario beharrak egin ditu, eta etxekoak eta lankideak ere izan ditu oholtza gainean. Laneko erretiroa hartu badu ere, oso lotuta jarraitzen du bertso munduari, eta esan beharra dago lankide, ikasle, eta elkarteko kideek asko maite dutela”.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa finala abenduaren 20ean izango da, 17:00etan, Bilboko Casilla aretoan. Oholtzan honako bertsolariak izango dira: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa.

Orduan jakingo dugu noren buruan jarriko duen txapela Arantzak.

Arantza Plazak jarriko dio txapela Bizkaiko irabazleari