Astelehenean zabalduko dute Bertso Udalekuetan izena emateko epea
Astelehenean zabalduko dute Bertso Udalekuetan izena emateko epea –

Martxoaren 2an irekiko du Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuetako izen-emate epea. Martxoaren 15a baino lehen bertso-eskolako kide diren gazteentzat edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat izango da aukera. Goizeko 11:00etan irekiko dute izen-ematea eta bertsozale.eus atarian zintzilikatuko duten online galdetegia bete beharko da. Txandak izen-emate ordenaren arabera betetzen direnez izena lehenabilehen emateko ohartarazi dute antolatzaileek.
Lehen epealdia martxoaren 15era arte egongo da zabalik. Ondoren, betetzeko geratzen diren txandekin bigarren izen-emate epea irekiko da gainerako interesdunentzat martxoaren 18tik (goizeko 11:00etan hasita) apirilaren 13ra bitarte.
Bertso Udalekuetako gazteak bi lekutan elkartuko dira aurtengoan: 9-11 urtekoak Zuhatzako irlan (Uribarri Ganboan, Araba); eta gainerako hiru txandak (12-13, 14-15 eta 16-18 urtekoak) Getadar aterpetxean (Ezprogi, Nafarroa). Lau txandak uztailean izango dira. Hementxe dago egonaldiei buruzko informazioa: eskuorria.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute Bertso Udalekuen egitasmoa, eta Irizarrek laguntzen du.

