Aurten ere ikerketa beka deitu dute Kilometroek eta Mintzolak

Aurten ere ikerketa beka deitu dute Kilometroek eta Mintzolak –

Goierriko ahozko ondarearen inguruko ikerketa lanetarako da lankidetzan sortutako beka hau. Ekainaren 30era arte aurkeztu ahal dira proiektuak.
 
Aurten ere ikerketa beka deitu dute Kilometroek eta Mintzolak
 

Pello Mari Otaño Ikerketa Bekak abiatu zuen bideari jarraipena eman zaio 2021ean ere. Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak ikerketa beka deitu dute berriz ere, “aurreko esperientzia ona errepikatzeko asmoz”. Oraingoan Kilometroak antolatzeko ardura hartu duten Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolek babestu dute ekimena.

Hiru ikastolak Goierriko eskualdean (Gipuzkoa) daude, eta “hango ahozko ondarea ikertzea helburu duten proiektuetarako da beka”, adierazi dute Mintzolatik. Ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak eta uztailean jakinaraziko da nor den sariduna. 3.000 euroko dirulaguntza esleituko dute.

Deialdiaren inguruko informazio gehiago duzue hemen.

“Kilometroak euskalgintzako eta kulturako, hau da, herrigintzako gainontzeko eragileekin batera egikaritu behar zela” argi ikusi zutela azaldu zuen Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari den Nekane Artolak, iazko Pello Mari Otaño ikerketa deialdiko proiektu sariduna aurkezteko agerraldian; Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak prestatutako Aiztondoren zirtotsa proiektuak eskuratu zuen saria orduan. Elkarlan proposamena pozik hartu zuten Mintzolan, eta hala adierazi zuen agerraldi hartan Mintzolako ahotsa izan zen Miren Artetxek: “Gure aldetik, eskerrik asko erakunde guztioi eta, batez ere, ikertzaileoi egitasmo interesgarri eta iradokitzaile honengatik. Kilometroekin abiatutako lankidetza honek aurrerantzean ere bide-orri gehiago marraztea nahiko genuke”, berretsi zuen.

Aurten ere ikerketa beka deitu dute Kilometroek eta Mintzolak