Binaka

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2021-04-15

Binaka –

Poza eman dit  Araban Binakako Bertsolari Txapelketa antolatu zutela ikusteak, kulturaz hain xume eta kili-kolo dagoen pandemia egoera honetan. Asko gara txapelketako formatu tradizionalarekiko kritiko, erdi-konbentzituak, nagituak ez errateko. Indibidualtasunetik eta konpetiziotik aparteko mundu bat eraiki nahi dugula diogu askotan, baina zaila egiten zaigu hitzak eta ekintzak juntatzen diren jomuga hori aurkitzea. Maiz gurea egiten ari garela sinestarazi nahi diogu gure buruari, bestearen eredua jarraikiz. Askotan pentsatu izan dut hori txapelketarekin bertso munduan: zergaitik guk txapelketen beharra genuen? Ez al da jada erronka eta gudu handia guk geuk gure buruarekin eraman beharrekoa bertsotan lasai aritzeko, pozik egoteko eta arte honek dakarrenaz gozatzeko?

Ekainaren 2 batez sortu izanak ez nau laguntzen zenbaki bakoitien maitatzeko. Lasaitasun bat bezala transmititu ohi dit binaka funtzionatzen duen gauza orok. Egia da, txapelketa bat da, txapelketako kuadro, puntuazio eta disziplinan geratzen dena, baina hutsala badirudi ere, banakakoari pertsona bat gehitze horrek urrats bat gehiago dakar betiko eredu formalaren apurketaruntz. Eta nola ez, ekitaldi hau askok bertsotan marginatutatz jotzen duten Araba batek antolatzean, harrotasuna eta esperantza soilik sentitu daitezke, azkenean, aspaldi pilatutako hautsak harrotzen eta orri berriei lekua uzten hasi garelako.

“Arabar batek lortu duela Euskal-Herriko txapela” erran zuen noizbait Aroa Arrizubietak. Lasai Aroa, ez da arabarrek lortu duzuen bakarra, eta seguru nago, egun batean bertsoko monumentu zaharra berriro diseinatu behar balitz, monumentuko atean utzi eta geratu direnek egingo luketela, barrukoak urrezko apaidurekin, arte-eder ederregiekin eta ateratako azken modekin entretenituak geratuko diren bitartean.

 

Binaka
Binaka