Maider Arregi: «Emakume indartsu bat da ‘señora’ bat»

2021-04-15

Maider Arregi –

Ane Insausti Barandiaranek Berria egunkarian.


Belaunaldien arteko sareak indartzeko eta emakume bertsolarien ahalduntzean sakontzeko sortu dute sariketa. Beste lehia mota bat egiten saiatu nahi dute, umorea ardatz hartuta.

 

Maider Arregi

 

Emakume bertsolariek elkarrekin kantatzeko guneak sortzeko eta plazan duten presentzia areagotzeko sortu dute Maider Arregik (Oñati, Gipuzkoa, 1996) eta beste hainbat emakume bertsolari eta bertsozale feministak lehenengo Señora Sariketa. Datorren larunbatean egingo dute lehen kanporaketa, Aramaion (Araba), eta astebete geroago bigarrena, Mutrikun (Gipuzkoa). Finala Lesakan (Nafarroa) izango da, maiatzaren 8an.

Zergatik erabaki duzue señora hitza erabiltzea?

Nahiko espontaneoa izan da, eta gure artean ere eduki dugu eztabaida hitzaren esanahiari buruz. Gero ikusi genuen definitzeko zaila dela, baina denok ulertzen dugula zer den señora bat, eta kontzeptu hori aldarrikatu nahi genuen. Izan ere, emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena.

Ahalduntzea da asmoa, señora hitza zuenganatuta?

Bai, eta belaunaldi desberdinetako emakumeak bertsotan batera jartzea, adinari garrantzia emanez. Izan ere, irudipena daukagu askotan sariketak adinaren arabera antolatzen direla: gazte sariketak, esaterako. Gainera, emakume helduek zailtasunak izan ohi dituzte plazan kantatzeko. Hor zubi bat zabaldu nahi izan dugu.

Tonu errebeldea dauka.

Umorezko saio bat izatea nahi dugu, elkarrekin gozatzeko aukera emango diguna, errebeldia puntu batekin. Normalean, gizonen araberako sariketetan parte hartu ohi dugu. Horrekiko erresistentzia bat da saioa: besteen parametroetatik at, guk gura dugun moduko zerbait sortzeko modu bat.

Nolako giroa sortu nahi duzue saio hauetan?

Umorezkoa batez ere. Emakumeen arteko saretzea indartzea du helburu, baina ez bakarrik emakume bertsolarien artekoa. Antolatzen, emakume bertsolariez gain, emakume bertsozale feministak egon dira, eta sare bat sortu da sariketaren inguruan. Saioetan emakumeen arteko sare eta aliantza giro hori transmititu nahi dugu, umorez eta gozamenez.

Zer du sariketak bereizgarri?

 

Sariketa bat dela, eta, hortaz, lehia egongo dela. Gaiak kontraesanak ere sortu dizkigu: zergatik sortu lehia esparru bat? Baina egia da lehia bera oso esparru maskulinoa izan dela beti, eta gura genuen esperimentatu ea beste modu batean egin daitekeen. Ez betiko lehia hori, non txiki eta elkarrekiko etsai sentitzen garen. Lehiak ziklo bat markatuko du, eta jarraitutasuna emango die saioei.

Zergatik da garrantzitsua zuentzat horrelako guneak izatea?

Batez ere bertsolaritza oraindik eremu maskulinizatua delako eta askotan sentitzen dugulako gizonen tokietan kantatu behar dugula. Baina garrantzitsua iruditzen zaigu, horri kritika egiteaz gain, zerbait eraikitzailea egitea; beste eremu berri batzuk edo gune batzuk sortzea guk elkarrekin kantatu ahal izateko, eta baita esperimentaziorako ere. Ikusteko gure artean ze harreman sortzen den, zer giro sortzen den…

Zein izango da sailkatzeko irizpidea?

Kasu honetan, ez da epaituko bertsotan teknikoki ondo edo gaizki moldatzen garen, bertsolariak sortu duen giroa eta feminismoari egindako ekarpena baizik. Beraz, ez dago irizpide zorrotzik zehaztuta; ez da modu zorrotz eta zurrun batean epaituko. Epaileak herri bakoitzeko talde feministetako kideak izango dira. Gainera, ez dira bertsoak banaka-banaka epaituko, bertsoaldika baizik.

Entzuleen profila nolakoa izatea espero duzue?

Nik uste dut denetik etorriko dela. Imajinatzen dut emakume asko etorriko direla, saio feministetan emakume asko etortzen direlako. Baina, azkenaldian, Ez da kasualitatea-ren moduko saioetan gero eta gizon gehiago ikusten ditut, eta gustura egoten dira. Publiko askotarikoa izango dela uste dut, eta hala izatea nahi dut, gainera.

Pandemiagatik bertso saioak murriztearen ondorioz are emakume gutxiago al dago plazetan?

Nik, nire ikuspuntutik, uste dut, gauden testuinguruan egonda, plaza feminista nahikoa indartsu mantendu dela, beste plaza mota batzuekin alderatuta. Bertan behera geratu diren saio gehienak otordu giroari lotutakoak izan dira: bertso bazkariak eta bertso afariak, adibidez. Baina horiek gune maskulinoagoak direla uste dut.

Hori bai, plaza hegemonikoak hor jarraitzen du, eta hor emakumeen presentzia ez da gero eta handiagoa. Gero eta emakumeen saio gehiago baldin badaude, kontrahegemonia feminista bat dagoelako da, lekuan lekuko talde feministek, antolatzaile feministek edo guk geuk, bertsolari feministek, bultzatuta. Baina horrek ez du esan nahi zirkuitu hegemonikoa asko aldatzen ari denik.

Maider Arregi
Maider Arregi