Badator Imanol Lizardi II. Bertso Astea

Bost egunetan jarduera, ikuskizun eta bertso-saioak egingo dira Lasarten, “kalean euskaraz gozatzeko eta gazteen eta familien artean sormena sustatzeko”.

Badator Imanol Lizardi II Bertso Astea –

Badator Imanol Lizardi II Bertso Astea

Azaroaren 24tik 28ra ospatuko da Imanol Lizardi Bertso Astearen bigarren edizioa, Lasarteko Udalaren, Ttakun Kultur Elkartearekin eta Earra! bertso-eskolaren arteko elkarlanaren fruitu. “Bertsolaritzari eskainitako urteroko espazioa sendotzea bilatzen du ekimenak, euskal kulturan hain errotuta dagoen adierazpen artistiko horrekiko herritarren lotura indartuz”, azaldu dute udaletik.

Euskara zinegotzia den Estitxu Alkortak nabarmendu duenez, bigarren edizio hau “aurrerapauso bat da Udalak bertsolaritza herritar guztiengana hurbiltzeko egin duen apustuan, bereziki gazteei eta familiei”. Azaldu zuenez, “ekintza parte-hartzaile eta irekien bidez euskara naturaltasunez bizitzea nahi dugu, dibertsiotik eta sormenetik” eta nabarmendu zuen “aste honen helburua da bertso mundua herritarrei hurbiltzea eta gazteen artean euskal kulturarekiko interesa sustatzea, haur eta familiei euskararen indar sortzailea transmitituz”.

Bestealde, Earra! Bertso eskolatik azpimarratu dute, “bertsolaritza balio handiko tresna hezitzaile eta kulturala da, gazteen artean adierazpena, entzutea eta sormena sustatzen dituena. Gure helburua belaunaldi berrien artean bertsoak bizirik jarraitzea da, eta haur eta nerabeek euskara hizkuntza hurbil, erabilgarri eta dibertigarri gisa sentitzea”.

Alkortak amaieran azpimarratu du, “Ttakunekin eta Earra bertso-eskolarekin elkarlanak erakusten du instituzioek eta kultur eragileok norabide berean arraun egiten dugunean, gure nortasuna indartzea eta euskararen balioa modu bizi eta erakargarrian transmititzea lortzen dugula”. Eta gaineratu zuen bigarren edizio honek “Lasarte-Orian bertsoaren sugarra bizirik mantentzeko ilusioz jaiotako proiektua sendotzen duela, tradizioa eta gaztetasuna, iragana eta etorkizuna batuz”.

Jarduera guztiak irekiak eta doakoak dira, eta herritar guztiak gonbidatzen dituzte parte hartzera.

 

Astebete bertsoari emana

Aurtengo egitarauak publiko ezberdinei zuzendutako jarduera eskaintza zabala biltzen du. Azaroaren 24an, astelehena, “Bertso Garbitzailea” ikuskizunarekin irekiko da astea, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat. Saio didaktiko eta interaktiboa da, bi bertsolari eta aktore bat ditu protagonista, eta umorea eta parte-hartzea uztartzen ditu, ikasleak euskarazko inprobisazioaren mundura hurbiltzeko. Hitzordua 15:15ean izango da Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan.

Ostegunean, hilak 27, 18:30etik aurrera, herriko kaleak giroz beteko dira “Bertso Poteoa”-rekin, Earra! bertso-eskolako gazteek parte hartuko dutelarik eta herriko bertsolari ezberdinak. Bertsoa kalera atera nahi duen jai ibilbidea izango da, taberna, plaza eta erdiguneko txokoen arteko elkarbizitza eta euskaraz gozatzea bultzatuz.

Ostiralean, hilak 28, asteko ekitaldi nagusia izango da: Imanol Lizardi II. Bertsolari Gazteen Sariketa, Euskal Herriko lurralde ezberdinetatik etorritako sei gaztek hartuko dute parte:

  • Urko Arakistain (Gipuzkoa)
  • Kattalin Arabaolaza (Gipuzkoa)
  • Enara Gallastegi (Bizkaia)
  • Jokin Onaindia (Araba)
  • Ekhi Zuloaga (Bizkaia)
  • Maddi Lasa (Lasarte-oria – Earra! Bertso eskola)

Olatz Zuazubiskar izango da gai jartzailea eta Unai Muniain eta Amaia Otxotorenak osatuko dute epaimahaia. Finala 18:00etan izango da, Mirentxueneako beheko solairuan, eta sarrera doan izango da.

Lehiaketak fase orokor bat izango du, eta bi onenen arteko finala. Probek tradiziozko modalitateak uztartuko dituzte, hala nola “8ko handian” eta “8ko txikian ofizioa”, puntuazio eta bertsogintza libreko erronka sortzaileekin.

Lehenengo sariak 400 euro, zapia eta garaikurra jasoko ditu, eta bigarren sailkatuak 200 euro eta oroigarria. Gainerako parte-hartzaileek, epaimahaiak eta aurkezleak ere saria jasoko dute.

Ekitaldi nagusiez gain, aste osoan zehar argazki erakusketa ikusteko aukera izango da Jalgi tabernan, Imanol Lizardiren figura eta bertsolaritzak Lasarte-Orian utzitako arrastoa ardatz hartuta.

Badator Imanol Lizardi II Bertso Astea