Bapatean 2021 liburua bazkideen eskura

Bapatean 2021 liburua bazkideen eskura –

Aurten paperean kaleratuko du urteko bertso bilduma Bertsozale Elkarteak, eta bazkideek doan eskuratu ahal izango dute. Horretarako, www.bertsozale.eus atarian argitaratu berri denn inkesta osatu beharko da otsailaren 25eko eguerdia baino lehen, eta amaieran Bapatean 2021 etxean jaso nahi dela adierazi.
 
Bapatean 2021 liburua bazkideen eskura
 

Pandemiak pandemia bertso eder asko utzi du iragan urteak. Audioak entzungai daude jada bdb.bertsozale.eus atarian; baita bertsoaldi horien gaineko eta, oro har, bertsolaritzaren mugimenduaren gaineko datuak jasotzen dituen dokumentua ere. “Formatu digitalean eskuratu izan da bilduma azken urteotan, baina aurten, liburua etxean ere jaso ahal izango duzue eskaera egiten duzuen bazkideok”, adierazi dute elkartetik. Horretarako, otsailaren 25eko eguerdia baino lehen bete behar da argitaratu berri duten inkesta, eta amaieran Bapatean 2021 etxean jaso nahi dela adierazi – bertsoaldien audio fitxategiak jaso nahi badira, mp3 formatuan, idatzi helbidera eskaera hori egiteko -.

Bazkide ez direnak 15 eurotan eskuratu ahal izango dute argitalpena Elkar dendan.

Maddi Sarasua Laskaraik idatzi du liburuaren hitzaurrea: “Egon dira plazak eta saiatu gara bertsolariok umorea pizten, kezkei eta gogoei kantatzen. Baina denen kezkak eta gogoak berdinak ez direnean ez da erraza zer kantatu asmatzen. Eta plazara seguru atera behar den arren, galderak dauzkagu barruan“.

Guztira 54 bertso saiotako 80 bertsoaldirekin osatu da liburua: 548 bertso transkribatu dira gai, doinu eta ohiko informazio guztiarekin. Hautaketan lurraldetasun, genero eta belaunaldiartekotasuna kontuan izan dira, bertsolari bakoitzak egindako bertso kopurua ere bai. “Lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko ahapaldiak dagokien forman idatzi eta izendatuta dakartza bildumak. Urtero bezala, bertso plazari buruzko datu orokorragoak ere eskaintzen dira”, adierazi dute egileek.

Bapatean 2021 liburua bazkideen eskura