[PERLAK] Euskal idazleak: Bernardo Atxaga

2022-02-10

Bernardo Atxaga –

Jada jaso dugun fikziozko lan polit horrezaz gain, bertso kronika bat eta bertsolaritza aipatzen duen iritzi artikulu bat idatzi zituen Atxagak 1970ean. Biak ere kuriosoak.

 

Bernardo Atxaga

 

Bertsolari saio baten kronika arina, Bernardo Atxaga, Anaitasuna, 247. zbkia. 1973ko urtarrilaren 15ean.

 

Taulatuaren prestaketa lanetatik hasten da kontatzen, zortzi aulki eta sei mikrofono jarri zituztela seinalatuz, aulkietan eseri ziren bertsolarien izenak zerrendatzeko aitzakia gisa: “Mikrofonoek —harrigarria bada ere— ondo funtzionatu zuten hasiera hasieratik”.

Giroa eta publikoari buruzko erreferentziak, ohikoa baino tonu filosofikoago batekin osatzen ditu, eta aldarrikapenerako aprobetxatu:

“Ez dakit zenbat izanen ginen abenduaren 16an Hernanin gertatutakoak, eta zer estilotako jendea ginen ere zeharo inoratzen dut. Ez dakit zenbat nekazari eta zenbat kaletar ginen, zenbat zahar eta gazte (hogei edo ehun emakume ziren); eta azterketa sakon bat egiteko beharrezko diren beste anitz dato ere falta zaizkit. Bertsolaritzaren egoera larria ote da? Merezi du ahozko literatura honek inoren ardurarik? Jakin egin behar! Seguru asko, gauza bat falta da Euskal Herrian, honelakoak ezezik beste era askotako estudioak eginen lituzkeena: Euskal Unibertsitatea”.

Kuriosoa da, bestalde, 1880ko hamarraldian generoa estreinatu zuten Jose Manterola edo Klaudio Otaegiren bertso kroniketan bezala, Atxaga bertsoa kronometratzen ikustea: “Lasartek, egun horretan, urteak betetzen zituen, eta Aranaldek lehen agurra botatzeko eskatu zion. Artikulu honen buru bezala jarri dugun bertso hori egiteko, leizatarrak 53 segundu egin zituen ene erlojuan. Lasai ibili zen, ez zedukan inongo presarik”. Haiek ez bezala txaloak ere kronometratuko ditu, gainera: “Eta txaloak 13 segundu barru luzatu ziren, jendea gozo zegoela erakutsiz”. Jarraian eragile baten omenaldi gisa antolaturiko saio honetakoak eta herriko jaietako saioetako txaloen pisua alderatzeko: “Herrietako festetan, bertsolariak jeneralean ez du izaten hain harrera atseginik. Jendea zutik dagoela, euri edo eguzkitan, hotz edo berotan, astuna izaten da publikoa bereganatzea, txaloa garestiagoa izaten da”.

Saioaren jarraipena ariketaz ariketa egin beharrean bertsolariz bertsolari egiten du, bakoitzaren bertsokeraren inguruko xehetasunen bat eskainiz eta, zenbaitetan, bere planteamendua bertso baten transkripzioarekin ilustratuz. Lasarteren malenkoniarako joera seinalatzen du, esaterako: “(…) maiz erabiltzen baititu ‘azkena ere ba datorkigu’, ‘behin hilko naiz’ eta tristura isurtzen duen beste hitz asko”; edo Muñoak umorerako daukan erraztasuna: “Ene ustez, erosoago ibiltzen da hau gai alai eta xelebreetan, eta publikoari erraz sorterazten dio algara. Teknika aldetik ez dago oso jantzia (…) jendea pozez eta barrez lehertzen jartzeari oso eginkizun serioa deritzat egun, horrenbeste iluntasun tartean”; eta Koxme Lizasoren bizitasuna: “Etorrera onekoa da arras (gaia jarri eta hamar segundu gero, kantari hasten da; besteek hamabost edo hogei behar izaten dituzte). Bertsoak abiada haundian botatzen ditu (bi bertso neurtu nizkion eta bietan 30 segundu eskas egin zituen)”.

Imanol Lazkanori buruz honakoa dio:

“Imanol Lazkano kantuan aspalditikan ibili arren, ‘bertsolari gaztea’ bezala jotzen dute zenbaitek, eta arrazoirekin ene ustez. Azaltzen dituen grina eta kezketan, geure egoeraz jabetzeko moduan, uhin berriko bertsolaria nabari da. Ikus, bestela, ‘etxe batera zoaz eta zaunka hasten zaizu bertako zakurra’ gaiari lotuta, bigarren partean bota zuen bertsoa:

Egun argitan hau egiteko/ ba nuen nahiko bildurra/ ongi bainekin ba zetorrela/ nere gainera egurra/ Asmo onetan daramakit nik/ nere langintza apurra/ poliziana ez bazerade / ixildu zaitez zakurra”.

Argazki hau ateratzen dio Joxe Lizasori: “Jose Lizaso gizon galanta da. Honengatik bai esan dezakedala, kristorenak botatzen dituela. Lizasok —boza ederra, «zeta» eta «ese» bereizten ez dituela, lehen mailako bertsolaria— ezin daitekeela beti zigorraren menpean egon kontseilatzen du. Bertso ausartak bota zituen, paperean zentsuratuak izanen liratekeenak”.

Edota, honela zirriborratzen du Joxe Agirreren bertsokera:

“Honek duen etorrera, aipagarria da. Deman iaioa baino iaioagoa izanik, enbiduan, ziria sartzen, guttik (edo inork ez) kenduko diote. Erraz botatzen ditu botatzekoak, eta, ‘bertsolariak kobarde batzuk direla’ diotenakatik kexatu arren, ‘gehiegi eskatzen zaiola bertsolariari’ esan arren, begira despedida bezala bota zuen bertsoa, desterruan edo gartzelan daudenak oroitzapenean harturik:

Herri hontan faltako dira gaur ugari/ izan behar zutenak gauza hauen gidari/ jator portatu zirenak euskaldun gudari/ geure askatasuna guk dugu inbiri/ agur entzuleari eta agur Hernaniri”.

Kritika politikoa eta soziala egiten duten bertsoak dira gehien interesatzen zaizkionak. Alderdi hori azpimarratzen du Imanol Lazkano eta Joxe Lizasorengan, edo baita Eugenio Igartzabal eta Joxe Agirreren ekarpena baloratzerakoan ere.

Bertsolaritza soziala deritzonaren garaiak ziren, kontrakoak eta aldekoak zituen bertsogintza berri horrek eta azken horien artean kokatzen zen idazle gaztea. Izatez, hilabete batzuk lehenago argitaratu zuen artikulua, Bertsolaritzaz pentsatzen izenekoa, bertsolaritza sozial horren manifestu gisa baliatzeko modukoa begitantzen zaigu.

 

Bernardo Atxaga

 

Bertsolaritzaz pentsatzen, Bernardo Atxaga, Anaitasuna, 234. zbkia. 1972ko maiatzaren 15ean.

 

Asteasukoak bertsolaritzaren benetako balioa azpimarratu nahi du artikuluan, eta horretarako, bere iritziz erratuak diren zenbait balorazio seinalatuz ekiten dio testuari:

“Pertsona batzuek, bertsolaritzari buruz hitz egiten dutenean, edozein gauza zaili ematen zaion balioa ematen diote; eta, beraz, kitarra, tutua eta bonboa batera jotzen dituen zirkoetako «gizon orkesta» delakoarekin alderatzen dute bertsolaria.

Ba dirudi, pertsona hauek, musika berbera baino, berau egiteko gainditu behar diren eragozpenak dituztela atsegin. Bertsolaria, inork egiten ez duena egiten duen gizon harrigarri bat besterik ez da. Azterketa ahul honen ondorio bezala, bertsolariak ez du beste behar apartekorik. Malabarista batek duen berbera (…)

Beste batzuen joera, are ere negatiboagoa da. Hauek, gizarte kapitalistari dagokion balore sisteman jokatuz, ez dituzte gauzak aztertzen, erabiliak izateko dadukaten baloreagatik, baizik eta merkantziak bezala (…) Ez da, bada, harritzekoa, holako balore sisteman daudenek bertsolaritza mespreziatzea, euskal kultura gutiestea, jakina baita gure kulturak merkantzia bezala zein guti balio duen (…) Hauen azterketan, bertsolaria inguru gabeko fenomeno soil eta bakar bat bezala azaltzen da. ‘Bertsolaria arrasto folkloriko bat da eta mundu berrian zer eginik ez daduka’, diote”.

Transformazio sozialerako tresna gisa baloratzen du berak bertsolaritza. Baina horretara irtsi aurretik kultura nahiz kontzientzia zabaltzeko ohiko bide gisa unibertsitatea, zinea, aldizkariak, antzerkia eta kantua aipatzen ditu. Eta zentsurak nahiz botereak hainbat oztopo jarriz bide hauek erabat blokeatuta dauzkala azaltzen du. Honela dio, esaterako, zinearen kasuaz:

“(…) zinema, gizarte errepresibo honetan, zentsura eta galerazpenekin aurkitzen da, zerbait ‘esan’ nahi duenean. Bestetan, berriz, filma berandu irixten zaio jendeari, batere gaurkotasunik ez duen garaian (eta, beraz, sistemarentzat arriskurik batere ez dadukanean). Zine klubetan bakan batzuk elkartzen dira (…) Filma alienatzaileek, ordea, gero eta medio hobeagoekin jokatzen dute (…)”.

Euskal kulturgintzak antzerkia eta kantuarekin lan on bat egiten asmatu duela ere aipatzen du, baina, esan bezala, bertsolaritzaren bideari jarri nahi dio fokua:

“Ene ustez, bertsolariak dohai asko daduzka, lehen esan ditudan eginkizunak betetzeko. Alde batetik, zentsuratzen eta galerazten zailenetakoa da, edozein leku eta mementotan bota baititzake bere bertsoak. Oso herrikoia eta demokratikoa da, zeren behartsuenengana ere erraz hel eraz baitezake bere boza. Oso zuzena eta direktoa delako, erantzuna emateko guztiz aproposa da, problema sortu den tokian bertan kanta baitezake”.

Eta azken ondorio gisa forma artistikoa garaiari eta honen beharrei egokitu behar zaizkiola; alegia, bertsolaritza soziala, aldarrikatzen du:

“Jakina, bertsolaritza forma aparta izan arren, forma horren jabe den pertsona konkretua, eta beronek erabiltzen dituen gaiak, sentsibilitate, zorroztasun, jakituri eta ez dakit zer gabekoak baldin badira, forma horren efektibitatea zeharo galtzen da. Deustuan gaur ezin daiteke tomaterik bila; gaur ez dago santuen bizitza kontatzen ibiltzerik”.

Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga Bernardo Atxaga