Bertso lekuak Alegian
Bertso lekuak Alegian –
Alegiakoargazkiak.eus webguneak Alegiako artxibategi grafiko bat izan nahi du. Ekimen herrikoi eta partehartzaileaz bertako irudiak batu eta erakutsi nahi ditu. Honela laburbiltzen dituzte sustatzaileek proiektuaren nondik norakoak:
Nondik sortzen da?
Herritar batzuk elkartu eta Alegiako Argazkizaleen Taldea sortu genuen 2000. urte inguruan. Besteak beste, taldeak helburu gisa badu Alegiako ondare grafikoa bildu, antolatu eta herritarrei itzultzea. Bilketa lanari ekin zitzaion batez ere orduan. Herritarrek bere kajoietan miatu ondoren, digitalizatu eta bilduma polita osatu genuen fotografia zaharrekin. Ondoren tantaka azaldu dira hainbat ekimen eta proiektuetan. Urteroko egutegia, festa berezietan edo kabinako erakusketetan.
Zer asmorekin?
Helburua beraz, hiru zati horietan kokatzen dugu. Bildu, antolatu eta zabaldu. Eta hiruretan eragiteko sortu dugu tresna hau. Web-orri dinamikoa. Alegia gure herria da. Herri bizia eta hainbat eta hainbat bizipen izan dituena eta bizitzen ari dena. Bizipen zailak, tristeak, alaiak nahiz ederrak izan dira. Horietako asko gordeta, betikotuta, geratu dira irudietan. Baina ez dugu gordetako irudiak izatea nahi, gure ondorengoei jakinarazi eta helarazi nahi dizkiegu, gure herriaren historiaren berri izan eta bertako parte sentitzeko. Tresna honen bidez herriaren mugimendua, egunerokoa, istorioak eta historia izango dena kontatu nahi dugu. Bizitza islatzen dituzten irudi horiek guztiak elkarrekin partekatu, erakutsi eta komentatu nahi ditugu. Lehengoak, ez hain lehengoak eta oraingoak.
Nola egiteko?
Hau tresna bat da, denon eskura egon daitekeena, beraz bizirik jarrai dezan auzolan moduko bat sortu behar dugu honen inguruan. Poliki-poliki, orain arte gordetzen joan garen argazkiak dokumentatu eta herritar guztion eskura jartzen joango gara, herritarrek argazkiak ikusgai eta erabilgarri izan ditzaten. Herritar guztion oroimen bilduma izango da. Baina honek ez du etenik. Jasotzen ere joan behar dugu hurrengoan erakusteko. Norbanako zein herriko talde eragileen egitekoa izango da hori. Webgunearen, taldearen, ateak zabalik daude. Argazkien bilketan esku bat botatzeko, daudenak dokumentatzeko eta osatzeko eta ondoren gure ekimenetan berrerabiltzeko.
Tartean bertsolaritzarekin lotutako irudi mordoxka bat bildu dute, eta esteka honetan ikusi daitezke.