Bertso saio musikatua Arrasaten, Ekin elkartea omentzeko

Arrasateko Ekin Emakumeak Elkarteak 30 urte betetzen ditu aurten, eta Arrasate Euskaldundu Dezagu taldeak bertso saio musikatu batekin ospatuko du urteurrena. Haizea Arana, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Aissa Intxausti arituko dira kantuan.

Bertso saio musikatua Arrasaten –

Bertso saio musikatua Arrasaten

Arotz plazan izango da emankizuna, bihar, osteguna, ekainak 25, 12:30etan.

AEDk urtero antolatzen du bertso saio bat, eta aurten emakume taldea omendu nahi izan dute: “Horregatik izango da, alde batetik, musikatua, eta horregatik parte hartuko duten guztiak dira ukitu transfeministadunak, eduki aldetik, formatuan eta abar”, azaldu dio Goienari AEDko Itxaro Artolak.

Saioa musikaz girotuko dutenak eta bertsolarien jardunean doinua jarriko dutenak Aner Peritz eta Libe Goenaga izango dira. Gai-jartzaile lanetan bi arrasatear ibiliko dira: Maria Oses eta Olatz Zuazubiskar. Saioa musikatua izango da lehen aldiz.

Ekitaldiak harrera ona izatea espero duela adierazi du Artolak: “Espero dut betiko bertsozaleak, urterik urte etortzen diren horiek, etortzea, eta, formatu berria izanda Arrasaten, kuriositatez hurbiltzea. Edo jende gaztea ere bai; lekuak ere lagundu lezake jende gaztea erakartzen. Aniztasun hori espero dut, bai”.

Bertso saio musikatua Arrasaten