Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera begirako argipenak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera begirako argipenak –

Iragan astean aurkeztu zituen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak herrialdeko bertso txapelketako finalaren nondik norakoak. Bertan ziren Arantza Plaza (irabazleari txapela jarriko diona), Belate Olabarria (Bizkaiko elkarteko lehendakaria), baita zortzi finalistak ere: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa.
Olabarriak eskerrak emateko baliatu zuen bere hitzartzean: “Txapelketa behar handiaren emaitza dela azaldu du eta, horren atzean, jende asko dagoela. Horregatik, eskerrak eman gura izan dizkie txapelketan beharrean ibili diren guztiei, banan-banan: bertsolariei, Talde Antolatzaileko kideei, Komunikazio Taldeko kideei, gai-jartzaile taldeari, epaile taldeari, bertso eskolei, eta borondatezko beharrean astez aste ibili diren guztiei. Baita ere, zelan ez, astero areto eta frontoiak bete dituzten bertsozale guztiei ere, eurak barik ezingo litzatekelako Txapelketarik egin”.
Arantza Plazak aitortu zuen “bulkata bat” sentitu zuela txapela jartzeko proposamena jasotzerakoan, eta berehala eman zuela baiezkoa. Txapela jartzea “ohorea” eta “opari ederra” ere badirela gaineratu zuen.
Finalistek egin zituzten ondoren euren adierazpenak.
Honakoak dira antolakuntzatik abenduaren 20an Casillako finalera joateko bertsozaleei zuzendu zaizkien argibideak.
Sarreren salmenta
Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira eskuragai. Zapatuan sarrerarik geratuko balitz, txarteldegia zabalduko dugu arratsaldeko 15:30ean.
Finalerako oharrak
Prentsaurrekoan bertan, hainbat ohar eman dira:
- Casillara nola heldu:
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak finalera garraio publikoan joateko gomendioa luzatu nahi du:
Casillara heltzeko, Bilbora garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabili behar dira. Bilboko Metroan joanez gero, Indautxuko geltokian jaitsi behar da, eta Areiltza Doktorearen atetik irten.
Bestalde, zeinbait udal zein bertso eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Horiek erabiltzea ere aholkatzen du antolakuntzak.
- Ateen irekiera:
Casillako ateak 15:30ean zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak sasoiz joateko gomendioa egin gura die bertsozaleei, jende asko batuko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.
- Umeen gunea:
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean zaintza gunea ipini du Bizkaiko Bertsozale Elkartean, Casillan. Bertso saioak irauten duen artean egongo da gunea zabalik, hezitzaileek zainduta. Umeek zein gurasoek egon ahalko dute bertan, eta zerbitzua doakoa izango da.
Hemen, oharrak:
• 6 urtetik aurrerako umeek finalerako sarrera erosi beharko dute.
• 3 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta egon beharko dira gunean.
• Umeek gura badute, tarteka saiora joan ahalko dira euren guraso edo arduradunek lagunduta.
• Umea gustura ez badago guraso edo arduradunei deituko zaie bila joateko; beraz, gurasoek edo arduradunek mugikorrera adi egon beharko dute.
Izena emateko lotura honetako formularioa bete behar da.

