Elkarlan hitzarmena Euskaltzaindiaren eta Bertsozale Elkartearen artean

2022-04-06

Elkarlan hitzarmena Euskaltzaindiaren eta Bertsozale Elkartearen artean –

Euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako egitasmoak bultzatuko dituzte elkarlanean bi erakundeek, Mintzolak abiatutako zenbait ekimen tartean.
 
Elkarlan hitzarmena Euskaltzaindiaren eta Bertsozale Elkartearen artean

Idoia Trenor eta Andres Urrutia

 

“Bertsolaritzarekin eta elkartearekin harreman estua izan du betidanik Euskaltzaindiak, eta hitzarmen honen bitartez,  erakundeon arteko elkarlanean sakontzea eta elkarrekin euskalgintzan eta kulturgintzan eragiteko gaitasuna biderkatzea da gure nahia”, adierazi zuten Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ordezkariek Bilbon iragan ostiralean. Euskaltzaindiaren egoitzan bildu ziren Bertsozale Elkarteko Beñat Gaztelumendi zuzendaritzako kidea eta Idoia Trenor koordinatzailea, eta akademiaren aldetik Andres Urrutiak hartu zuen parte: “Euskaltzaindiak pozik hartzen du elkarrekiko lankidetzaren eraberritze hau eta etorkizunerako oinarriak ikusten ditu bertan”, azpimarratu zuen euskaltzainburuak.

Bost urterako lankidetza hitzarmenean euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako, zabalkunderako, ikerketarako eta transmisiorako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da elkarlana.: bertsolaritza ezagutzera emateko egitasmoak, bertsozaletasuna indartzeko lehiaketak, ikastaroak… Bertzsozale Elkarteak jakitera eman duenez “bi erakundeek elkarri aitortzen diote euskararen eta bertsolaritzaren inguruan egiten duten lana, eta haietan duten erreferentzialtasuna”.

 

Bertsolariek kantuan darabilten hizkuntzaren azterketa linguistikoa

Arnas luzeko kontuez gain, epe laburrean gauzatzeko ekimenak ere zehaztu dituzte. 

  • Mintzolak abiatutako proiektuei elkarrekin emango diete jarraipena: Ahostegunak eta Ahots Baten egitasmoak, adibidez. Mintzolak saritutako ikerketa proiektuen jarraipena eta zabalkundea egingo dute bi erakundeek: Agustin Mendizabalen Xabier Leteren prosodia musikalaren alderdi batzuk eta Maider Arregiren Bollerak bertsolaritzan: diskurtsoak, praktikak eta eraldaketa sozialerako proposamenak
  • Bertsolariek kantuan darabilten egungo hizkuntzaren azterketa linguistikoa ikerketa jarriko dute martxan elkarrekin. 
Elkarlan hitzarmena Euskaltzaindiaren eta Bertsozale Elkartearen artean