Hitzekin, ekintzekin

Irati Alcantarilla

Irati Alcantarilla

2022-04-06

Hitzekin, ekintzekin –

Doinua: Lagundurukin danoi I

 

Hitzekin, ekintzekin

 

1-Kilometroak batu

herrika herrika,

Zurera iristeko

nolako irrika.

Bakoitzak bere txandal

ta bere barrita.

Nahiz egiten den euskal

musika jarrita,

hori baino gehiago

ez al da korrika?

 

2-Korrika hasi eta

bertatik bertara

ia indarrik gabe

geratzen ba gara:

Indar batek bultzatzen

gaitu helmugara,

esku ikusezina

nor izango da ba?

magia ematen du

baina herria da.

 

3-Belarri prestak diren

aho bizienak.

AEK bat baldintza

onak dituenak.

ikastola berriak

Xiberuarenak.

Nahiz meritua duen

korrikako denak,

oinez ematen dira

pausu handienak

 

4-Bi urtetik behin soilik

irten gara eske,

nahiz korrika bihurtu

genuen babespe.

Kirola eta borroka

dira zilboreste,

sarri egin ezean

egin behar beste,

gerora lesioak

etorri daitezke.

 

5-Euskaratik bizi nahi

du etorkizunak.

Beraz, hartu beharko

erantzunkizunak.

Berdin du egun argi

zein egun ilunak,

borrokatzera lotzen

ditugu egunak,

erortzean zutitzen

ikasi dugunak.

 

6-Herri handietako

hiztunen lutoa,

herri txikietako

mantentze trukoa.

Mezu bat ezin izan

denen gertukoa,

bakoitza den neurrian

bere lekukoa,

leku bakoitzak dauka

bere lekukoa.

Hitzekin, ekintzekin