Arnasa hartzea ere ederra da

Arkaitz Estiballes

Arkaitz Estiballes

2022-04-05

Arnasa hartzea ere ederra da –

“Bajau” tribua Filipinak eta Malasia artean bizi den tribu nomada da, “Nomada urpekariak” goitizenaz ere ezagunak. Joloko artxipielagoko eta Zamboangako penintsulako nomada hauek urpean 70 metrora arte jaitsi daitezke eta hamahiru minutu egin urpean, arnasa hartu gabe. Berunezko pisu batzuen laguntza besterik ez dute horretarako. Beno, berunezko pisuena eta genetikarena. Azken ikerketen arabera, haien organoek aldaketa genetikoak pairatu dituzte urteetan zehar, hain zuzen ere, barea normala litzatekeena baino tamaina handiagokoa dute. Horrela, urpean daudenean oxigeno gehiago isuri dezakete odolera.

 

Arnasa hartzea ere ederra da

 

Bertsolaritzak nigan izan dituen aldaketa genetikoak zein ote diren galdetzen diot neure buruari. Susmoren bat badut, baina ez naiz esatera ausartzen. Arnasa hartzea omen da bizitzeko elikagai behinena. Esan bezala, badira ur azpian arnasa hartu gabe luzaro irauten duten urpekariak, ez naiz horietakoa ni, baina bizi izan ditut antzerako bizipenak. Arnasa hartu ezinik nabilen susmoa sarri izan dut, ez bakarrik asmatikoa naizelako, bestela ere, gaitzerdi gainera arnasa hartu ezinda nabilela ohartu naizenetan.

Ardurek eta konpromisoek kendu izan didate arnasa niri, hara joan beharrak, handik bueltatzeak. Ez naiz bertso munduko lanei buruz soilik ari, baina egia da bertsoek ere ito izan nautela behin baino gehiagotan. Zenbat asteburu egin ote ditut etxetik kanpo? Kuadrillako zenbat afari galdu ote ditut? Edo txarrago, zenbat bizipen konpartitu? Aitortu behar dut, artean gazte eta berde ginenean, ez nintzela larregi arduratzen: nondik deitu kanturako, hara nindoan. “Lagunak datorren astean ikusiko ditut” esaten nion neure buruari, hurrengo aste horretan ere konpromisoren bat aterako zitzaidala jakitun. Egia da gaztetan lagunak hor zeudela, Deustuko jaietan, adibidez, parrandan eta gustura, ni Barakaldon bertso afari batean nengoen bitartean. Zenbat aldiz ez ote naizen lagunengana agertu bertsotako lanak amaitu ostean. Ez ninduen larregi kezkatzen, gogoko tokian aldaparik ez!

Baina joan nintzen ni ere zahartzen, eta ingurukoak zer esanik ez. Ez dakit mundua aldatu ote den edo gu garen aldatu garenak; edo mundua aldatu nahi genuenak ere munduak aldatu gaituen. Azken hamarkadan zein gaitza egin zaigun lagunartean elkartzea, horretarako inoizko gogotsuen nenbilenean etorri dira lagunen haurrak mundura, lana edo oposizioak. Arnasa hartzeko parada neukan une haietan ikusi ditut ingurukoak arnas estu larrian. Munduko airea mugatua ote den ere ez dakit, baina arnasa hartzen dugun bakoitzean beste inori arnasa lapurtzen bageunde bezala sentitu izan naiz.

Egun lagunekin elkartzea Felipe Gonzalez berriz panazko prakak jantzita ikustea bezain zaila izan arren,  lehengo batean lortu genuen. Iruñea aldean geneukan egun pasa, Arturo Campion euskaltegiaren urteurreneko bertso poteoa, bazkaria, Labriten Oinatzen despedida, Leitzarako bidean musika topera jarri, Leitzako frontoian afaldu eta elkarren arnasa arnasten bukatu. Arnasgunea Leitza, arnasa leitzarrak.

Orain, beste behin ere, arnasa gabe nabil, ez ardura gutxirekin, eta denak aurrera eramateko larri. Egitekoen artean lehentasun zerrendak egiten hasia nago eta hori ez da seinale ona. Berriz ere, “Bajau” nomadak bezala nabil, urpean eta arnasa hartu ezinik, baina haiek baino bare txikiagoarekin. Zurekin ere, irakurle, baditut hitz emandako zenbait zor, txapelketako gaiei buruz eta epaileei buruz idaztea, besteak beste. Gaur ere ez da izango, ba! Ea arnasa hartu eta hurrengo zutabeetan zerbait okurritzen zaidan. “Pendiente neuzkanak” deitu beharko diot atal honi, bitartean izan ondo, irakurle, eta ito gabe!

Arnasa hartzea ere ederra da Arnasa hartzea ere ederra da