Elkarlana Ikastolen Elkartearen eta Bertsolari aldizkariaren artean

Elkarlana Ikastolen Elkartearen eta Bertsolari aldizkariaren artean –

1991n sortu zen Bertsolari aldizkaria, bertsolaritza gaietan espezializatutako hedabide nazionala. 31 urte luze hauetan bere harpide sarea josi du, eta argitaratutako edukiak ELKAR-en zein hamaika liburu-dendetan topa daitezke.

Bertsolari aldizkariak azken hiru hamarkadetan kaleratutako aldizkari ugari eman dizkio dohaintzan Ikastolen Elkarteari Euskal Herri osoko ikastoletan banatu ditzan. Bertsolaritza hamaika perspektibatik lantzen da bertan, eta eduki asko baliagarriak izan daitezke ikasleekin lantzeko.

Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, adierazi du zergatik iruditzen zaion interesgarria Bertsolari aldizkariko edukiek Ikastoletan presentzia izatea: “Ikastolen Elkarteak urteak daramatza ikastoletan bertsolaritza lantzen, bai ikasgelako jardueraren bidez, bai irakasleen prestakuntza antolatuz, bai materialak lantzeari dagokionez. Bertsolari aldizkariaren edukiak gure ikastoletan egotea osagarri garrantzitsua da lan hori indartzeko”.

Era berean, Beñat Hach Embarekek, aldizkariko koordinatzaileak, uste du “Bertsolari aldizkariak modu berezian jasotzen duela bertsolaritzaren historia elkarrizketa, erreportaje eta artikulu bidez; eta ez hori bakarrik, webguneko zenbait eduki ere, podcastak edo bertso jarriak kasu, baliagarriak izan daitezkeela ahozkotasuna lantzeko”.

75 ikastola inguruk jaso dituzte aldizkari kaxak.

Elkarlana Ikastolen Elkartearen eta Bertsolari aldizkariaren artean

Elkarlana Ikastolen Elkartearen eta Bertsolari aldizkariaren artean