Beethoven eta bertsolaritza uztartu dituzte Andoni Egañak eta Xabier Lizasok ‘Bederatzikoa’ egitasmo musikalean

2022-03-26

Beethoven eta bertsolaritza –

Unai Sarriugarte El Diario Vascon.


Beethoven euskaraz ulertu, kantatu eta azaltzen duen proiektu musikala da hauxe

 

Beethoven eta bertsolaritza

Egun Egaña, Lizaso eta 400 kilogramoko pianoa herririk herri dabiltza emanaldia ezagutzera emanez. / BEDERATZIKOA

 

Beethoven eta bertsolaritza uztartu dituzte Andoni Egañak eta Xabier Lizasok ‘Bederatzikoa’ egitasmo musikalaren bitartez. Izan ere, bertsolaritzaren esparruan badira zeresana eman duten eta betirako bertsolaritzaren gordailuan geratu diren bederatzi puntuko hainbat saio. Xabier Amurizak 1980ko txapelketan ‘Euska Herriari’ gaiari buruz abestutakoa edota Jon Lopategik agure zahar baten arropari botatakoa, tarteko. Era berean, bederatzigarrena da Beethoven musika konposatzaile esanguratsuaren sinfoniarik goraipatuena.

Hori dela medio, ‘Bederatzikoa’ izeneko egitasmo musikala ondu dute Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianojoleak elkarlanean. Bertan Beethovenek konposatutako musika klasikoa eta bertsolaritza nahasten dira saio sinestezin batean. Hitz gutxitan, Beethoven euskaraz ulertu, kantatu eta azaltzen duen proiektu musikala da hauxe. Hala, egun Egaña, Lizaso eta 400 kilogramoko pianoa herririk herri dabiltza emanaldia ezagutzera emanez.

Izan ere, musika emanaldi berezia izateaz gain, konposatzailearen bizitzaren nondik-norakoak ematen dira aditzera ikuskizunean. Konposatzailearen letra txarrak gizartean eragin zuen nahasmendua edota hura hil ostean topatu zuten partitura, tarteko.

Ludwig van Beethoven alemaniar musikagile, orkestra zuzendari eta piano-jotzaile birtuosoa izan zen, klasizismotik erromantizismorako aldaketaren aitzindari nagusietakoa. Haren lanen artean, nabarmentzekoa da «Bederatzigarren Sinfonia», Europar Batasunak ereserkitzat hartuta duena.

Beethoven eta bertsolaritza