Heldu da Bertsoaroa Iruñera

2022-02-03

Heldu da Bertsoaroa Iruñera –

Nafarroako Bertsolari Txapelketa udazkenean jokatu zenez Bertsoaroa zikloa atzeratu egin behar izan zen. Hiriari egiten zaion bertsolaritza eskaintza orekatu nahi izan dute horrela antolatzaileek, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak. Otsailaren 10etik 24ra ospatuko da Bertsoaroaren 31.edizioa.
 
Heldu da Bertsoaroa Iruñera
 

Antolatzaileek adierazi dute unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez ematea duela helburu aurtengo Bertsoaroak. Sei emanaldi izango ditu kultur zikloak: hiru bertso jaialdi, ‘eRRe’ eta ‘Bederatzikoa’ emanaldi bereziak eta ‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ haurrentzako tailerra. Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek.

Antzerki Eskolan egingo dira hiru emanaldi, eta sarrera 5€-koa izango da (hiruentzako bonoa eskuratuz gero 12€). Sarrerak antzokiaren webgunean eskuratu daitezke. ‘Bertso jasa’ tailerrerako izena eman beharko da aurrez, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita. Beste bi emanaldiek sarrera librea izango dute, aforoa bete bitarte.

Sei emanaldi guztira

Lehen mailako bertso jaialdi batekin ekingo diote zikloari. Otsailaren 10ean izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. 

Otsailaren 15ean, toki eta ordu berean, ‘eRRe’ emankizuna eskainiko da: “Jendartea zatitzen duten dikotomiak eta etiketak abiapuntu hartuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek. Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin- kontaketak eta poesiak ere badute lekua”. Otsailaren 5ean estreinatuko da lana Durangon, eta bigarren emanaldia izango da Iruñekoa. 

Aurten ere bertsolari gazteen saioa jasoko du zikloak. Otsailaren 17an izango da, Katakraken. 

Txikienei begira antolatu da ‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ tailerra, otsailaren 19an, larunbatarekin, Txantreako Salestarretan.  “‘Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa’ haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrei eskaini zaie tailerra, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita, otsailaren 17a baino lehen”.

Otsailaren 22an ‘Bederatzikoa’ emankizunaz gozatu ahalko da Kondestable Civivoxeko areto nagusian. “Obrak bederatzi sinfonia osatu zituen Beethovenen obra eta bizitzari egiten dio errepaso, bertsolaritzak berezkoa duen bederatzi puntuko neurriari ere erreferentzia eginez, eta neurri horretan kantatu diren bertso antologikoak publiko aurrera ekarriz. Bertsoa eta pianoaren musika nahastuko dira, beraz, oholtza berean”.

Otsailaren 24an amaituko da 2022ko Bertsoaroa, bertso jaialdi batekin.

 

Heldu da Bertsoaroa Iruñera
Heldu da Bertsoaroa Iruñera