Igandean ospatuko da Bertso Potajia Donostian
Igandean ospatuko da Bertso Potajia Donostian –
Maiatzaren 23an Donostiyako Bertso Potajia, Donostiako bertsozaleen eguna, ospatuko da hirian zehar antolatuko den egun osoko egitarau zabalarekin. Ekimenaren helburua Donostiako bertso mugimenduaren indarra erakustea, bertsozaleak elkartzea eta hiriko bertso ekosistema ikusgarri egitea da.
Testuingurua
Donostia beti izan da hiri bertsozalea baina hamarkada luzetan, gutxi izan dira plazan lekua egin duten bertsolariak. Azken 25 urteetan baina, Donostiako bertsolaritzaren panorama nabarmen aldatu da. 1999an Herriarteko Bertsolari Txapelketan talderik aurkezteko aukerarik ez izatetik, gaur egun hiru talde aritzera igaro da hiria. Horrek erakusten du Donostian bertsolaritzaren inguruan sortu den indarra, bai bertsolarien artean, bai gaijartzaile, epaile eta antolatzaileen artean.
Gainera, Donostian jaiotako bertsolariez gain, geroz eta gehiago dira hainbat arrazoirengatik hirian bizi eta bertso jardunean ari direnak. Auzoetan bertso eskolak, gazte eta helduentzako ekimenak eta urtean zehar antolatzen diren bertso saio ugari ere badira, eta horrek guztiak erakusten du Donostia hiri bertsozalea dela. Hala ere, askotan bertsozaleek beraiek ere ez dute hirian dagoen bertsotarako potentzial guztia ezagutzen.
Donostiyako Bertso Potajia
Testuinguru horretan, Bilintxi Balantxa bertso elkarteak Donostiyako Bertso Potajia antolatu du, Donostiako bertsozaleen topagune izan nahi duen jaialdia.
Ekimenaren helburuak
Antolatzaileek hainbat helburu jarri dituzte ekimen honen bidez:
- Donostian dagoen bertso ekosistema hiritarrei ezagutaraztea.
- Bertsozale donostiarrak hiriko bertsotarako potentzialaz jabetzea.
- Bertsoaren inguruan dabiltzanen arteko saretzea indartzea.
- Donostian bertsotan dabilen orori plazak eskaintzea.
Egun osoko egitaraua hirian zehar
Helburu horiek lortzeko, antolatzaileek egun osoko egitarau zabala prestatu dute, bertsolari, gaijartzaile eta bertso sortzaile askok parte har dezaten.
Honako hau da maiatzaren 23rako antolatutako egitaraua:
- 11:00-12:30 – Bertso saioak auzoetan (Intxaurrondo, Antiguo, Aiete, Loiola eta Amara), ondoren kalejira Alde Zaharrera
- 13:45 – Libreko saioa Bulebarreko kioskoan
- 14:30 – Bertsopaper bazkaria Guardetxean
- 18:30 – Balkoitik balkoira saioa Bilintx kalean
- 19:00 – Bertso pintxo-potea Alde Zaharrean
- 21:00 – Bertso jaialdia Guardetxean


