Ipuinak eta komikiak hizpide, bertsotan
Ipuinak eta komikiak hizpide bertsotan –

Udalbiltza partzuergoa da, eta parte izatea erabakitzen duten udalek eta elkarte pribatuek osatzen dute, tartean Bertsozale Elkarteak. Elkarren artean eman zioten forma iragan ostiralean egin zen Geuretik Sortuak bertso saio tematikoari.
Geuretik Sortuak aurten hirugarren edizioa duen proiektua da. Proiektuaren webgunean azaltzen den moduan: «euskal arteak lengoaia asko izan ditzake, baina hizkuntza bakarra du, geurea: euskara». Horretan bat egiten du Bertsozale Elkarteak , bertsoa ere euskaraz baino ezin delako izan. Proiektuaren helburu nagusiarekin ere bat egiten du: «Euskarazko eskaintza kulturala ez da nahiko genukeen bezain zabala, eta horri erantzuteko asmoz sortu zen Geuretik Sortuak proiektua: euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala».
Proiektu honetan 40 sortzailek baino gehiagok hartu dute parte, tartean ipuinak idatzi dituzten bertsolariak edota gai-jartzaileak, komikiak egin dituztenak…
Hernaniko Biteri aretoan izan zen emankizuna. 19:00etan hasita, ordu eta erdiz aritu ziren kantuan Sarai Robles Vitas, Maialen Akizu Bidegain eta Unai Gaztelumendi Arandia. Bertsozale Elkartetik adierazi dutenez “Udalbiltzak eskainitako Geuretik Sortuak bekan izandako esperientzia izan zuten kanturako amu. Ainhoa Urien Telletxek jarritako gaiei erantzun zieten bakarrik ez ziren eurak izan, ordea. Uxue Bereziartua Lonbide komikigileak ere parte hartu zuen saioan zuzeneko marrazkiak egiten”.
Bostek Udalbiltzaren beka jaso dute aurreko bi edizioren batean. Bereziartuak Zazpikiak bat komikian Larraun, Betelu, Araitz eta Lekunberriko Neskato onak irudikatu ditu; Gaztelumendik ere komikia ondu du, egonaldia egin zuen Berastegin eta Harresia istorioa sortu du. Roblesek, Akizuk eta Urienek ipuinak idatzi dituzte, ondorengo izenburuak dituztenak: Etxe ikusezinean, eszenatokia eta Mapa ez da lurraldea.

