Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketako sorta sarituak
Iruñeko VI Bertsopaper Lehiaketako sorta sarituak –
Olaia Leitza Errazkin eta Alazne Untxalo Erregerena egileek irabazi dute Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketa. Lehiaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dute, eta guztira jatorrizko hamar lan aurkeztu dira A eta C kategorietan; 2008. eta 2011. urteen artean jaiotakoei zuzendutako B kategorian, berriz, ez da jatorrizkorik aurkeztu.

A kategoria 2012. urtean edo geroago jaiotakoei dago zuzenduta, eta Olaia Leitza Errazkinen Auzokideak lana izan da irabazlea; bigarren eta hirugarren sarituak, hurrenez hurren, Beñat Anbustegi Miuraren Euskararen eguna eta Asier Vizcay Arizen Asierren bertso magikoa izan dira. Hiru kultura-bonu jasoko dituzte, 150, 100 eta 50 eurokoak, hurrenez hurren.
C kategorian, 2007an edo lehenago jaiotakoenean, Alazne Untxalo Erregerenaren Lau haurridetan zaharrena lanak irabazi du lehen saria, hori izan baita Cesar Etxeberria, Nerea Bruño eta Jon Diaz de Mendibilek osatutako epaimahaiaren hautua. Bigarren saria Eider Azkoaga Gomezen Ezer (ez) lanak jaso du, eta hirugarrena Xabi Maia Etxeberriaren Erori ez den hori lanak. Kategoria honetan 1.500, 1.000 eta 500 euroko sariak eskuratu dituzte irabazleek.
Alazne Untxalo Erregerena (Ituren, 1981), C kategoriako irabazlea, bertsolaria da, eta Iturengo bertso-eskolan hasi zen bertsotan. 2015ean Xalto Nafarroako bertsolari gazteen sariketa irabazi zuen. Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu du, baita Bertsokabi eta Mariano Izeta sariketetan ere.
Aipatu moduan, Zizur Nagusiko Eider Azkoaga Gomezek irabazi du bigarren saria: hainbat sari literariotan parte hartu du, eta 2022ko Bertsopaper Lehiaketan saritua izan zen Erraietatik lanari esker. Xabi Maia Etxeberria (Elizondo, 1981), hirugarren sariaren irabazlea, 2009an hasi zen bertsotan Baztango bertso-eskolan, eta 2011z geroztik Nafarroako Txapelketan parte hartu du. Bi aldiz sailkatu da finalera: 2017an bosgarren geratu zen, eta 2019an zortzigarren. 2014an Bardoak txapelketa irabazi zuen, Lepatanatuak 2 lanagatik.
Bertsopaperak lehiaketak bertso bertsolaritza eta bertso idatziak sustatu nahi ditu. Nafarroakoak diren edo Nafarroan bizi diren bertsolariei zuzenduta dago. Lanek gai eta neurri librea dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaragabeak.
2025EKO BERTSOPAPERAK
• A kategoria: 2012. urtean edo lehenago jaiotakoak
o Olaia Leitza Errazkin, Auzokideak (150 euroko kultura-bonua)
o Beñat Anbustegi Miura, Euskararen eguna (100 euroko kultura-bonua)
o Asier Vizcay Ariz, Asierren bertso magikoa (50 euroko kultura-bonua)
• B kategoria: 2008tik 2011ra jaiotakoak (biak barne)
o Hutsik
• C kategoria: 2007. urtean edo lehenago jaiotakoak
o Alazne Untxalo Erregerena, Lau haurridetan zaharrena (1.500 euroko saria)
o Eider Azkoaga Gomez, Ezer (ez) (1.000 euroko saria)
o Xabi Maia Etxeberria, Erori ez den hori (500 euroko saria)
Jarraian bertso sorta sarituak dauzkazu irakurgai.
OLAIA LEITZA ERRAZKIN
Auzokideak
A kategoria – 1.saria
Doinua : Oilarra kukurruka
1. Palestina, Honduras,
Senegal Maroko
handik etortzen dira
sentituz kanpoko
gertuan izateko
ez dira oztopo
guztiak desberdin ta
guztiak auzoko.
2. Bidaia luzez, hotzez
gosez eta nekez
kilometro ugari
behar dira oinez
gero txalupatxoa
betetzen da jendez
jendez txalupa eta
zakua ametsez.
3. Euskal-Herrira heldu,
ta dena berria
hasiera zaila ta
ez moldagarria
orain Euskaraz egin
dezake irria
ta hauxe bilakatu
da bere herria.
BEÑAT ANBUSTEGI MIURA
Euskararen eguna
A kategoria – 2.saria
Doinua: ETAren su etenean
1. Gu euskararen eguna
ospatzeko gara elkartzen
elkartu beharra gara
hasi euskaraz mintzatzen
nafarroan, iparralden
eta nola ez e.a.e.-n
español eta frantsesez
hasi beharrean hemen
frantzian eta espainian
ari dira gu itotzen
pedro sanchez eta macron
saiatzen dira gu isiltzen
ez gaituzte isilduko
segi dezagun solasten
2. Hizkuntza da norberaren
gauzak errateko era
ta nire ama hizkuntza
beti_izanen da berbera
zerbait espeziala dauka
bertzek ez daukaten zera
ta ez bada existitzen
nola atera kalera
nola joan eskolara
lagunekin jolastera
nik euskaraz bizi nahi dut
goazen aldarrikatzera
beraz existitu dadin
solas dezagun euskera
ASIER VIZCAY ARIZ
Asierren bertso magikoa
A kategoria – 3.saria
Doinua: Pasaiako plazatik
1. Bertsoak egitea
bada bai onena
baina bertsoa egiten
izan naiz azkena
etxekolana bukatu
ta hau lehena
ataskatu naiz eta
noski ausartena
2. Gaur partida egon da
herriko frontoian
ta faboritoa zen
noski gure Oihan
ondoren egin dugu
festa bat txabolan
eta azkenik jolastu
dugu guk pilotan
3. Baskoien lurraldea
bada Nafarroa
euskara ez jakitea
bada arraroa
euskaraz bizitzeko
badago ahoa
ta gaztelera bada
hortaz erasoa
ALAZNE UNTXALO ERREGERENA
Lau haurridetan zaharrena
C kategoria – 1.saria
Doinua: Beraz psikiatrek gaur egunean
1. Nire semea zen Tiburtzio
lau haurridetan zaharrena,
esne zopetan taloa janez
emeki hazi nuena.
Apez sartzeko seminarioan
eman zuena izena
gose denborak zirenez gero
hori zen bide zuzena,
geroztik ezin kendurik nabil
barruan daukadan pena.
2. Hilabetean behin etortzen zen
Baigorritik Erratzura.
Zakuan kafe, ogi, kortina…
Beti hainbertze onura.
Kargaz gainezka pasatzen zuen
Izpegiko kasko muga,
besta izaten zen gure_etxean
arno xortatik gustura…
Baina ez nuen ikusten zenik
joandako seme hura.
3. Pentsatu nuen aldaketara
semea ez zela ohitzen,
seminarioaz galdetu eta
ez baitzen ainitz oroitzen.
Menpeko egin ote zen bere
sotana eta otoitzen…
Erraten nion prestatu eta
itzuli ahalik goizen,
bere burua makurtu eta
isilik geratu ohi zen.
4. Neguko egun ilun batean
Tiburtzioren zain geunden
mahaia jarrita leihotik beha
esperoan hiru oren.
Apez bat hilik agertu zela
entzun genuen ondoren
aizkora batez akabatua
bihurtua herioren.
Zurrumurruak hedatu ziren
Mugairen eta Alduden.
EIDER AZKOAGA GOMEZ
Ezer(ez)
C kategoria –2.saria
I Opari bat
Doinua: Maitasuna izan leike / Denbora ez da pasatzen
Metro luze, erdi zabal,
tankeraz laukizuzena,
urki-zur adabegiak
perimetroan barrena,
kristal garden, distira hotz,
hatz-markak hiru dozena.
Ezer berezia zuen:
ezkutuko ahalmena.
Iruditu zitekeen
zatarra eta zekena,
iruditu zitekeen
guztietan ederrena.
Islatzen baitzuen inork
ikusi ezin zuena.
II Islak
Doinua: Azken arnasa eman nahi nuke / Itsasoari begira
1. Haur amultsua zinen aspaldi
maiz lau-oinean zenbiltzan.
Behin ispilu bat ekarri zizun
amonak opari gisan.
Ez zenekien izango zenik
zure bidaide bizitzan,
egongo baitzen zintzilik gelan
haur, gazte nahiz heldu izan,
amesgaiztoak izatekotan
berarekin gorde zitzan.
2. Pastel hormadun gela argi bat
zenuen garai haietan,
ispilu hura iltzatu zuten
ezkerraldeko paretan.
Zure itxura ulertu nahian
hurbiltzen zinen puntetan,
urtuz txintxirrin, trapuzko panpin
eta magia ipuinetan.
Gero, sehaskan lokartzen zinen
musu goxo baten bueltan.
3. Sei urterekin energiaz blai
zenbiltzan jolaserako.
Soineko beltz bat, takoi zorrotzak,
pare bat belarritako…
Ispilu hartan mozorratzea
itzela zen zuretzako,
antzerki, dantza ibiltzen zinen
berdin zuen zertarako,
“zu” besterik ez, sentitzen zinen
araurik ez zegoelako.
4. Koloretako kandelak sutan
itzal zenitzan hamabi,
lagunartean ezkutaketan,
pilotan, kontu kontari.
Euri egunek batzen zintuzten
ispilu parean adi;
lau arkatz berdin lau mikrofono,
koreografia ugari.
Sei metro koadro bihurtzen ziren
estadio bat bezain handi.
5. Hamasei urte, ur-su-lur-aire
oxitozina erregai.
Eta ispilua zenuen etsai,
bere isla gudu-zelai;
basamortuan hondar alea
galerna erdian ernai,
amorru biziz, malkotan hautsiz,
pozaren pozez ere bai.
Izara artean gordetzen zinen
maiz barealdiaren zai.
6. Berrehun pegatek estali zuten
ispiluaren herena,
zure barrena bezalakoa
zen gelako (des)ordena;
eta errutina bilakatu zen
pikortak kentzearena,
ezpain ilunak, koadrodun galtzak,
marroi koloredun krema,
irri baldar bat, shelfie azkar bat,
artaldearen kondena.
7. Pisu txiki bat, lau lagun zahar,
erratza eta amantala.
Hogeita hamarrek zure mundua
egin zuten kolosala.
Zenbat ardo beltz kopatan hutsal?
Kendu zenuen uhala.
Hasia zinen bidean barna
hezurra eta azala,
zure eskultura zizelaz lantzen
haizeak haitza bezala.
8. Oharkabean gogoz dastatu
zenuen ziurtasuna:
ziten aurretik gainbegirada,
aurreneko lan eguna,
ordu txikitan mozkor totelka
galdera gehi erantzuna,
lagunartera irten aurretik
irrifar koloreduna…
Eta orduan bai, sentitu zinen
ispiluaren laguna.
9. Pianoak leun, piano jo zuen
minorrean akordea,
bost hamarkada, bihurgune bat,
aldatu zen tenorea,
nostalgikoa izaten baita
maiz udazken kolorea.
Islak berekin izan ohi zuen
lasaitasuna gordea,
lehenengo aldiz nekea senti
zenezakeen ordea.
10.Behin izan zinen gazte hartatik
desberdindu zen portada,
zimurren traza orbanekin bat,
tarteka ile hauskara,
begi zuloak, poltsa hanpatuak,
lan kargadun begirada.
Ingurukoen esanak berdin
zitzaizkizun beharbada,
zeure burua arrotz ikusten
ohitu zinelako jada.
11. Denbora bera ailegatu zen
infi nitu izatera
eta egunaren aritmetika
periodiko bihurtzera.
Kafe beroa, mendi buelta bat,
mus partidatik etxera;
bisaia busti, hortzak erantzi,
ispilu hartan sobera.
Liburuaren lerro artean
heltzen zinen lokartzera.
III Dena
Doinua: XILABAra jina nauzu / Bi haur, Etxahun-en hil hobian
Begi bat ireki duzu
eta bestea hurrena,
erraietan oihartzun bat:
“gaur izan liteke azkena”.
Gurpilen kirrinka garratz,
bota duzu hasperena,
baina ispilu aurrean
askatu zaizu barrena.
Islari eman diozu
irririk bereziena,
hor zaudete parez pare
zu eta oroitzapena.
“Osorik nahiz zatituta,
eman izan dut onena,
desditxa, desira… dena,
hau izan da ni naizena”.
XABI MAIA ETXEBERRIA
Erori ez den hori
C kategoria – 3. saria
Doinua: Maite gaituzten soro zelaiak
1. Udaletxetik, Katedraletik,
zein Gaiarretik igaro…
hiriburuko arkitekturan
zenbat ekarpen oparo.
Eguneroko bizimoduan
ez direnak hain arraro,
naturaltasun handiarekin
onartuak aroz aro.
Idatzitako historiaren
tinta lehortuta dago
eta harriak irakurtzean
memoriatik harago,
berridazteko, izan badira,
modu bat baino gehiago. (bis)
2. Orainaldian pausatu gara
(e)ta iragana arnastu
eraikin forman korapiloak
ezin direlako laxtu.
Paisai urbano antolatua
axaletik zaigu pastu
jatorriaren arrazoietan
inoiz ez bada solastu.
Oroitzapenak denborarekin
baldin badira eskastu
harririk harri erantzun oro
begi aurrera erraztu,
irabazlea zein galtzailea
nor zen ez zedin ahaztu. (bis)
3. Gerra zibila zauri bat bada
diktadura du ukendu,
berrogei urtez zarakartua
ezin dena berez kendu.
Errepresio bortitzarekin
hamarkadetan mantendu,
eragindako beldurra eta
mina zituen zimendu.
“Bando Nacional” deitutakoan
hainbertze merezimendu
(e)ta Gurutzadan erori bada
ohoreaz nabarmendu…
Errelatoa eraikitzeko
sostengua ematen du.(bis)
4. Hiru urteko gerra hartatik
hasi ahala aldentzen
Frankismoaren zutabe oro
hasiak ziren aletzen.
Hitzari forma emango zion
tokia behar zen, ezen…
norbait, zergatik? non? zertarako?
hasi ezkero galdetzen.
Gerra hartako ondorioak
eta heroiak gordetzen
monumentu bat ikur moduan
hartu beharra omen zen
hasi zitezen altxatu ziren
erori “batzuk” omentzen. (bis)
5. Jose Yarnozek (e)ta Victor Eusak
enkargua jasotzean,
greziar oinplano, gurutze formaz
klasizismora jotzean,
fuste karratuz zutabe batzuk
jarri zituzten portxean,
handitasuna berdindu nahian
kupularekin lotzean.
“Caidos por Dios, y por la Patria”
izenburua doitzean
hotzikara bat senti zitekeen
begiratu bakoitzean.
Minari leku egin zitzaion
hiriaren bihotzean. (bis)
6. Garailearen behatzetatik
idazten da historia
(e)ta garaitua gelditu ohi da
ahanzturan eroria.
Eraikinaren barrualdean
frankisten sinbologia,
inskripzioak, arte sakroa,
gudaren oratoria.
“Erreketeei gorazarrea
Hosanna eta loria!”
Kupulapean marraztu ziren
hainbeste alegoria…
Zuribeltzean zirriborratuz
herri baten memoria. (bis)
7. Zabalgunean (bigarrenean),
harriz harri, gora, hala,
etorbide bat itxiko zuen
eraikin monumentala.
Zeinen luzea izango zuen
gerora bere itzala,
Mausoleoa bihurtu zuten
denbora pasa ahala…
-“Emilio Mola, Jose Sanjurjo,
aunitz haiekin bezala,
Jainkoak bere aldamenean
hemen eduki ditzala”
Eta ondare higiezinak
bidea egin dezala. (bis)
8. Ai! Erorien Monumentua
iruñearren jakintzan
betikotu zen, txertatu arte
eguneroko bizitzan.
Askotariko ospakizunak
egiten ziren elizan,
urteurrenak, lore eskaintzak
zein omenaldiak izan.
Hari muturrak lotu ondoren
zalantzarik ez zilintzan,
aurreko plaza bataiatu zen
“Conde de Rodezno” gisan.
Diktaduraren apologia
kausa noblea bailitzan. (bis)
9. Diktaduratik Trantsiziora
ezerk ez zuen hutsegin,
biziraupenak eskatzen zuen
halere zenbait ahalegin.
Dohaintza bidez Udalarentzat,
baldintza eta zeregin
akordioa sinatu zuten
Artzapezpikutzarekin.
Katalogatuz,babestu zuten,
mantendu zezaten berdin,
bere funtsean, moldaketarik
beraz ezingo zen egin.
Jabetza eskuz aldatu zuten
ezer aldatu ez zedin. (bis)
10. Gero legeak aldatu ziren,
haize berrien garaia,
(e)ta Memoria Historikotik
gaur Demokratikora ia.
Pitzadura bat, arrakala bat,
berria zen aldagaia,
dar-dar ttikian ipintzeraino
ultraeskuinaren talaia
Kale izenak, ikur frankistak,
ezabatzeko epaia
herriak bere sentitu zezan
aldaketa baten nahia…
Baina nahieran ez da aldatzen
harri baten erranahia. (bis)
11. Iruñeako Udaletxean
aldatzean argazkia
tantarik tanta, baina, hasi zen
lanean iragazkia.
Azalekoa loratu nahian
harrotu zen lur azpia,
bi mila eta hamaseia zen
hustu zenean saskia.
Kosta zen arren ateratzea
ilunpetan eguzkia,
kosta zen arren desobiratzen
Frankismoaren gorpuzkia…
Zailagoa zen desegitea
gorpuztutako guztia. (bis)
12. Iltzatutako memoriarentzat
alferrik da borragoma,
modu horretan uler daiteke
birsignifikazio forma.
Beraz elkarte memorialistek,
kexa (e)ta ezinegona,
osatu zuten Monumentua
Eraisteko Plataforma.
Harri berdinaz estropezuka
baldin badabil pertsona,
tontakeria da mugitzea
arazoa handik hona…
Beraz harria desagertzea
ez al da arrazoi ona? (bis)
13. Alderdi batzu(e)n epeltasuna
ez al da gauza tristea?
Birpentsatzea, birmoldatzea,
izan baita albistea.
Ez da xamurra, aurrekariez,
justizian sinistea,
beraz “de facto” bidezkoa da
eztabaida berpiztea.
Hasi ezkero,amaierara
zaila al da iristea?
Barneko minak merezi baitu
bere zikloa ixtea…
Ez da berdina, erortzen utzi
edo bera eraistea. (bis)
14. Begira nola dagoen orain
gure erreinu zaharra:
hizkuntzarekin puzzlea dago,
hiru zatitan bi marra;
Bardeetako lur idorretan
poligono militarra,
hezkuntza eta osasungintzan
Opus Dei-k duen indarra,
katolikoa, oraindik ere
kontserbadore xamarra.
Nahiz urteetan, saldu diguten
aldaketaren beharra…
Erregimena da Nafarroan
erori ez den bakarra. (bis)

