Kalean da udaberriko alea! B137

Kalean da udaberriko alea B137 –

Kalean da udaberriko alea B137

34 urte bete dira munduratu ginenetik, eta 2025 honetan ere bertsolaritzaren bueltako hamaika eduki ekarriko dizkizugu, udaberri honetatik hasita.

Zaldieroak emango dizu ongietorria, eta jarraian Pilar Kaltzada kazetariak bertsolaritzarekin duen harremanaren berri emango digu.

Pilotari oñatiar eta hernaniar batzuen artean xextra izan zen duela gutxi, bertsoak jarriz, eta sortak ekarri ditugu. Ane Zuazubiskarrek sekzio berria estreinatu du: Azken Beltza. Atal honetan bertsolariei saioen bueltako pasadizoak kontatzeko eskatuko diegu.

Bertso kalakak berean dirau, Ttakun eta Herren, Etxahun Lekue eta Ane Zuazubiskar. “Perlak” atalean Idoia Granizo etorri da oraingoan diz-diz egitera.

Aurten gure Bertso Idatzi Lehiaketaren V. Edizioa antolatu dugu, animatu eta parte hartu. Hamarreko Handiko blogari taldea ere hemen dugu, beti bezain prestu.

Patxi Bisquert jo eta su aritu da lanean azken urteetan “Ombuaren itzala” proiektua aurrera atera eta Pello Mari Otañoren bizitza kontatuko zuen luzemetraia prestatzen. Iragan udazkenean estreinatu zen. Andoni Egañak elkarrizketatu du, eta Conny Beyreutherrek atera ditu argazkiak.

Bertsoa eta krimena uztatzen dituen azken atalean Iturengo Arotzaren bertsoak ditu hizpide Beñat Hach Embarekek.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa patxadaz aztertzeko ariketa ere egin dugu. Jon Martin bertan izan zen EITBrentzako jarraipena egiten, eta kronika idatzi zuen hurrengo egunean guretzako. Bestalde, Imanol Artola Felix-ek txapelketan zehar plazaratu diren gaien azterketa zorrotza ekarri du gurera.

Urtarrilaren 14an hil zen Mixel Aire, eta Eneko Bidegain Aire kazetariak bere osabaren bizitza izan du hizpide. Idazmakinaz atalean Jose Ramon Etxebarriak bertso munduan egindako ibilbidearen hainbat pasarte konpartitu ditu gurekin.

Nazioarteako atalean Enda O´Cathain irlandarrarekin egingo duzu topo, Sean-nos kantu eta dantzen buruzko azalpenak ematen.

Amaitzeko bertso ibilbidea egingo dugu Urruñan barna Sustai Colinaren eskutik.

Goza ezazu udaberriko lili honetaz, eta hostoz-hosto erantzi.

Kalean da udaberriko alea B137