Kalean da udakoa alea B138

Kalean da udakoa alea B138 –

Agur t´erdi!

Iritsi da uda, eta hementxe ekarri dizugu itzalean lasai ederrean tripaz gora jarri eta bertso munduaz ilustratzeko aski irakurgai.

 

Kalean da udakoa alea B138

 

Zaldieroak emango dizu ongietorria, eta jarraian Porrotxek irribarrea piztuko. Etxahun Lekuek eta Ane Zuazubiskarrek bertso bidezko berriketan dihardute Ttakun-Herren atalean, eta Erika Lagoma bere bertsoaldi kuttun batez mintzo zaigu.

Ospatu dugu gure V. Bertso Idatzi Lehiaketa, eta orri hauetan topatuko dituzu sorta irabazleak. Zorionak guztioi!

Gure blogari taldeak egiten dituen hileroko ekarpenen lagin bat ekarri dizugu. Idazmakinaz atalean Rosi Lazkanoren ibilbidearen berri izango duzu, lehen pertsonan kontatua, noski. Azken Beltza atalean duela hiru hamarkada pasa bizi izandako kontuak eta komeriak kontatu dizkigu Estitxu Arozenak.

Gaztetxeak bertsotan txapelketako finala jokatu zen Gernikan, eta bertan zen Andoni Rekondo kronika idazteko prest.

Iaz hil zen Jhonny Kurutxet bertsolari ezterenzubiarra, ia bizi osoan AEBetan igaro ondoren. Hainbat bertsolari joan ziren Euskal Herritik San Frantziskon antolatu zitzaion omenaldira, eta Xabi Payak bidaiari buruzko erreportajea idatzi du.

Iazko Gipuzkoako Txapelketan argazki ikoniko bat oso presente izan zen, Uztapide lehen bertso eskoletako ikasleekin agertzen zen hura, hain zuzen ere. Iraitz Mateo argazkian agertzen diren hainbat lagunen oroitzapenak arakatzen aritu da. Alaia Martinek jantzi zuen iazko edizioan txapela, eta bere anaiak, Jonek, elkarrizketa sakon eta mamitsua egin dio.

Nazioarteko atalean munduko ahozko bat-batekotasun asko eta asko lantzeke dauzkagula baieztatu ahal izan dugu oraingoan ere. Ale honetan Greziara goaz, zehazki Kretara, Nikolaos Nikolidakisen eskutik bertako adierazpidearen berri izateko: mantinadak.

Bertso ibilbidea Beasainen egingo dugu, hango alaba den June Aiestaran bertsolariaren eskutik.

Amaitzeko, postre gozo bat. Aurtengo neguan gure bosgarren komikia plazaratuko dugu, Unai eta Beñat Gaztelumendi anaien eskutik argitaratuko dugun bigarren: Azken Afaria. Beñat Hach Embarekek elkarrizketatu ditu.

Udaz bertsoez bezainbat gozatzeko aukera desio dizugu, irakurle. Segi bizkor!

Kalean da udakoa alea B138