Lanku Beka, bertsoa erdigune

Lanku Beka

Lanku BekaLankuk, bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortutako kultur enpresak, bertso edukien sormena bultzatzea helburu duen beka bat kaleratu du. Sariketaren helburuak bertsolaritza muinean daukaten emanaldi berriak sustatzea eta Lanku eta sortzaileen arteko elkarlana sendotzea dira. Adin nagusikoak diren bertsolariek, gai-jartzaileek eta bertso eskoletako kideek hartu ahal izango dute parte sariketan. Lanak banaka edo taldeka aurkeztu ahalko dira; pertsona edo talde bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake.

Bertsoa oinarri izango duen emanaldi berri baten gidoia sortzea eta garatzea da eskatzen den lana. Lanaren ezaugarriak zehatz mehatz zerrendatu ditu Lankuk. Lanak originalak, euskaraz idatziak eta aurrez argitaratu gabeak eta saririk jaso gabeak izan behar dute. Baldintza hauek guztiak indarrean iraun beharko dute epaia ematen den unera arte.Emanaldiaren gaia eta helburu-hartzailea libreak izango dira. Lana aurkezteko emanaldiaren inguruko txostena prestatu beharko da.

Txostenak 4 orrialde izango ditu gehienez, eta ondorengo puntuak jasoko ditu:

  • Emanaldiaren gaia eta ideia nagusia.

  • Emanaldiak helburu izango duen publikoa.

  • Gidoiaren lanketan parte hartuko duten sortzaileen perfilak, euren izenak zehaztu gabe.

  • Gidoiaren laburpena-azalpena.

  • Gidoiaren lagin bat, 2 orrialdekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

2016ko urriaren 31n amaituko da lanak aurkezteko epea. Lanak posta arruntez gutunazal itxi batean, bidali beharko dira, ondorengo helbidera:

 

Lanku Kultur Zerbitzuak

Martin Ugalde Kultur Parkea

20140 Andoain (Gipuzkoa)

 

Gutunazal horretan, emanaldiaren txostena eta beste gutunazal txikiago bat bidali behar dira. Gutunazal txiki horren kanpoaldean lanaren izenburua zehaztu beharko da. Barruan, berriz, egilearen datu pertsonalak zehaztu beharko dira (izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa). Txostenak izenburuz bakarrik identifikatuko dira. Beraz, txostenean ez da egilea nor den adieraziko. Ez dira emailez bidalitako lanak onartuko, lanak baloratzerakoan egilearen anonimotasuna bermatu ahal izateko.

Bost kidek osatuko dute sariketa epaimahia:

  • Andoni Egaña, bertsolaria.

  • Jon Agirresarobe. Bertsozale Elkarteko sustapen eragilea.

  • Ixiar Eizagirre, Bertsozale Elkarteko transmisio eragilea.

  • Marta Agirrezabala, Lankuko koordinatzailea.

  • Beñar Gaztelurrutia, kultur eragilea.

Gidoirik onena hautatzerakoan, ondorengo irizpideak hartuko dituzte kontutan epaileek :

  • Bertsolaritzak duen zentralitatea.

  • Ideiaren, gidoiaren eta formatuaren originaltasuna.

  • Helburu publikoarengana iristeko aukerak.

  • Genero berdintasuna, naturarekiko begirunea edota kultur aniztasuna gisako baloreen lanketa.

  • Hizkuntzaren egokitasuna.

Gidoi onenarentzako sari nagusia 800,00 €-koa izango da. Horrez gain, gidoi horretan oinarrituta emanaldi berezi bat sortuko du Lankuk. Bigarren saria, 500,00 €koa izango da, 18-22 urte bitartekoek egindako gidoirik onenarentzat. Gidoi honekin ere emanaldi berezi bat egiteko aukera gordetzen du Lankuk. Aurkeztutako lanen kalitatearen arabera, epaimahaiak aipamen bereziak emateko aukera ere izango du. Eta aipamena jasotako gidoi horiekin ere emanaldi bereziak sortzeko aukera izango luke Lankuk. Era berean, epaimahaiak saria eman gabe uzteko aukera izango du, aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero.

Lanak jaso ostean, epaimahaiak horiek denak aztertu eta abenduaren 16a baino lehen emango du hartutako erabakiaren berri. Sariaren ordainketari dagokionez, %50a irabazle izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia dagokion epearen barruan gidoi osoa aurkeztu eta epaimahaiak horri oniritzia ematen dionean.

Sari banaketa ekitalditik hasita, gidoi osoa lantzeko eta aurkezteko 8 hilabeteko epea izango du egileak. Bitarte horretan, irabazleak hasierako proiektua aldatu nahiko balu, epaimahaikideei jakinarazi beharko die egin nahi dituen aldaketen berri. Irabazleak bere lana (gidoia) entregatuko ez balu, itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Bestetik, azken lanaren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, hasieran azaldutakoaren aldean nabarmen txikiagoa bada, Lankuk erabakiko luke emanaldi berezia sortu edo ez.

Lankuk beretzat gordetzen du, esklusiban, lan sarituekin eta aipamen bereziekin emanaldi bereziak sortzeko eskubidea, emanaldiak sortzeko produkzio gastu guztiak ere beregain hartuz. Horrenbestez, lan irabazleen eta aipamen berezia jasotakoen egile eta jabetza eskubideak Lankurenak izango dira. Sarituak izan ez diren lanei dagokienez, egileak horiek jasotzeko aukera izango du, sari banaketa egunetik hasita hilabeteko epean. Epe horretan jasoko ez balute, Lankuren jabetzara igaroko lirateke lan horiek ere.

Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarri guztiak ontzat ematea dakar.

Horien ulermenean zalantzarik balego, edo aurrikusi gabeko gorabehera bat sortzen bada, epaimahaikoei dagokie erabakitzea eta epaimahaikoek egin ezean, Lankuk erabakiko luke.

 

Sariketaren inguruko edozein zalantza argibidetarako helbideak eta kontaktu datuak:

Lanku Kultur Zerbitzuak

Martin Ugalde Kultur Parkea

20140 Andoain (Gipuzkoa)

943260755

lanku@lanku.eus

Lanku Beka