Legazpiko Bertso-Olariek 25. urteurrena ospatzeko kantua atera dute
Legazpiko Bertso-Olariek 25 urteurrena ospatzeko kantua atera dute –

25 urte konplitu berri ditu Legazpiko Bertso-Olari bertso eskolak. Kantu batez eman die amaiera urteurrenarekin lotutako ekintzei, bertso eskolaren ibilbidea eta komunitatea omentzeko.
Kantuaren doinua Joxe Arizkorretak konposatu du, eta hitzak Ane Belokik, Lierni Ugartek, Jone Narbaizak eta Mikele Arizkorretak sortu dituzte; guztiak bertso eskolako kideak. Abenduaren bueltan grabatu zuten lana Mutrikuko Axular Arizmendiren estudioan.
Musikari dagokionez, Xaukenako kideek jo dituzte instrumentuak, eta baterian Aiur Goikoetxea aritu da. Ahotsetan, berriz, Legazpiko bertso eskolako kideek parte hartu dute, Axular Arizmendirekin batera. Bideoaren ekoizpena Jon Goikoetxeak egin du, eta dagoeneko ikusgai dago sarean.
Legazpiko Bertso-Olariek eskerrak eman nahi izan dizkiete kantuaren sorreran parte hartu duten guztiei, baita urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietara hurbildu diren herritar guztiei ere.
Bertso Olariek antolatuta, Goierriko bertso eskolako ikasle gazteak Legazpin elkartuko dira igandean, urteroko topaketa ospatzeko. Legazpiko bertso eskolak egun osoko festa eguna antolatu die bertsotan ikasten ari diren goierritar gazteei.
Euskal Herria plazan emango diote hasiera egunari, 11:00etan. Handik abiatuta, Latxartegi aretoan izango dute hitzordua 12:00etan, Bertso garbitzailearena izeneko ikuskizunarekin. 5-11 urte bitarteko haurrei eta familiei zuzenduriko emanaldia da, baina herritar guztiak daude gonbidatuta. Sarrera doan da. Bertsoa protagonista duen ikuskizuna da hau.
Bazkarian elkartuko dira ondoren, 14:00etan, Lekanazpi elkartean, eta 15:30ean jolasak hasiko dira, plazan edo Azokan, eguraldiaren arabera. Bertsolari ikasleen topaketa 17:00etan amaituko da.
Legazpiko antolatzaileek herriko udalaren eta Goierriko Bertso Eskolaren laguntza izan dute festa egun hau prestatzeko. Goierri osoko etorkizuneko bertsolariak elkartuko dira bertan (Lazkao, Segura, Ordizia, Urretxu, Zumarraga…), legazpiarrekin batera.

