Lehendakaritza talde berriak gidatuko du Bertsozale Elkartea

Ainhoa Urien, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Xabi Igoa izango dira arduradun berriak.

Lehendakaritza talde berriak gidatuko du Bertsozale Elkartea –

Lehendakaritza talde berriak gidatuko du Bertsozale Elkartea

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Ohiko Batzar Nagusia ospatu zen iragan larunbatean Aguraingo udaletxean. Hainbat gai izan zituzten hizpide bertaratutakoek, lehendakaritza taldea berritzeari zegokiona, besteak beste. Aldaketaren erabakia aho batez hartu dute bazkideek.

Ainhoa UrienSustrai Colina eta Onintza Enbeita kide berriak izango dira zuzendaritzan, Xabi Igoak lehendik zeukan ardurarekin jarraituko du. Elkartetik adierazi dutenez “zortzi kidez osatutako lehendakaritza talde honek 2018an hartu zuen lekukoa. Lehendakaritza talde berria Bertsozale Elkarteak gaur arte izan duen zuzendaritzara batuko da, eta sailetako arduradunekin, Lankuko zuzendariarekin eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera partekatuko dute Bertsozale Elkartearen gidaritza”

2023ko kontuak eta 2024ko egitasmo eta aurrekontua onartu zituen batzarrak. Transmisioaren egungo irakurketa ere egin zuten bertaratutakoek, eta bertso-eskoletan eta beraientzako materialean jarri zuten arreta. Hedapen lanek berebiziko garrantzia hartu dute, eta Hitzetik Hortzerak inoizko audientzia daturik altuenak izan dituela nabarmendu dute. Ikerkuntza beste oinarri sendoetako bat da: bertsolariei buruzko ikerketa jarriko du martxan elkarteak, bertsolari garaikidea nolakoa den jakiteko. Bertsolarien ikerketaz harago, plazarena ere egin zuten, bertsolarien lan-baldintzak hobetzea helburu. Eta dokumentazio aldetik, Bertso saioen agenda eta grabazioen zirkuitua berrantolatu dira.

Berrikuntza guzti horiek 2018an zehaztutako gogoeta estrategikoaren parte dira. Egun prozesu horren erdian murgilduta dago Bertsozale Elkartea, 12 urterako zehaztu baitzen arnas luzeko ibilbidea.

Lehendakaritza talde berriak gidatuko du Bertsozale Elkartea