Maddalen Arzallus Antiak eskuratu du Basarri sariketako lehen postua

Maddalen Arzallus Antiak eskuratu du Basarri sariketako lehen postua –

Maddalen Arzallus Antiak eskuratu du Basarri sariketako lehen postua
Arg: Andoni Lubaki

Maddalen Arzallus bertsolari hendaiarraren bertso sorta izan da 41. Basarri Bertsopaper Lehiaketaren sariduna. Epaimahaiak aho batez erabaki du “Santa Mañako alaba zinan” bertso sorta saritzea.

Unai Muniain, Nahikari Gabilondo eta Andoni Egaña aurtengo sariaren epaimahaikideek honako hitz hauekin arrazoitu dute Arzallusen lana: “garai bateko amona baten bizimodua era xalo, hunkigarri eta sinesgarrian islatzen du bertso sortak, bere bilobaren ahotik. Naturari loturiko bizialdi bat era naturalean aurkeztu du. Garai hura entzun, ikusi, ukitu eta usaindu egin daiteke bertso hauek kantatzean. Eta horretarako erabili dituen neurri-doinuak ezin egokiagoak dira: zortziko handi klasiko bat”.

Aurtengo edizioan, guztira, 15 lan jaso dira, askotariko gaiak jorratu dituztenak. Bestalde, azpimarratzekoa da 41 edizio hauetan, saria jasoko duen hirugarren emakumezkoa izango dela Arzallus. Aurretik, Ane Labakak eskuratu zuen 2012an, eta Alaitz Sarasolak, aldiz, 2014an.

Bertso Astean jaso zuen txapela Maddalen Arzallusek, uztailaren 11n. Txapelarekin batera, 1.800 euroko saria jasoko du.

 

SANTA MAÑAKO ALABA ZINAN

 

DoinuaEsplikatzera noa kontuak

 

 

1.
Santa Mañako alaba zinan
senideetan zaharrena,
anai-arreba gazteagoek
bazizuten miresmena.
Askoz gehiago ez det esango,
Maria* zendun izena,
urteetan gora egindakoan
ahaztuko zenuena.
 
 
2.
Jakin nahi nuke inoiz bizitzan
izan ote zinan ume,
goizean hasi eta gauera
lana baitzan erdigune.
Baserri hura hain zan haundia,
nahiz ta harri oro xume,
baino bihurtu zenuen zure
ahanzturen babesgune.
 
 
3.
Hezkuntza ere pasa zitzaizun
eztarriz behera trabeska,
nahiz ta gehienek esaten zuten
abila den gure neska!
Lagunduz gero izan ziteken
mediku ala maestra!,
baserri zahar sasiz janetan
eskola biderik ez da.
 
 
4.
Ongi badakit aita ere galdu
zenutela gazte asko,
hola kolpean neskatila bat
bilakatzen da andrazko.
Hango baratza, hango esne-behi,
hango txerri eta asto…
Aukeran jarriz gero izango
ote zinan maiorazko?
 
 
5.
Halabeharrez baserriaren
zutabe eta zutarri
izan zinan ta ondorenean
hamar umetxo ekarri.
Aitzurrak eta eskuareak
zure eskuen lazgarri…
Zer zan bizitza zurea edo
zu bizitzaren uztarri?
 
 
6.
Hamar haurride azkar esan det…
ez dira egiten azkar!
Bat besoetan zan ordurako,
bere muki bere makar,
garai haietan horrelaxe zan,
bizitzak beste bat dakar…
Baino inoiz egin ote zenuen
ohe-jolasetan dar-dar?
 
 
7.
Goizean jaiki eta aurrena
kafea jarri danentzat,
gero bazkatu oiloak, behiak,
zakurrak eta aketzak…
Baratze-lanak ere bereak
ditu etxekoandretzak…
Egunak joan eta etorri
ta tarterik ez zuretzat…
 
 
8.
Asteazkenero Tolosan behera
jaisten zinan merkatura,
poltsikoetan dirua zuten
kaletarrekin tratura.
Arrautzaren bat salduta pozik,
kafe pixka bat zakura!
Zu bezelako emakumeen
elkargune al zan hura?
 
 
9.
Astean egun batez behinik behin
haurrak kendurik altzotik,
jaisten zinaten Amezketatik,
Bidaniatik, Altzotik…
Leku babes bat atera nahian
gizarte haren basotik…
Zuen hizketen xuxurlak nere
belarritara datozkit.
 
 
10.
Baino urteak igaro ahala
garaiak ziran irauli,
bukatu ziran zure merkatu,
salmenta eta tertuli.
Atzean utziz ukuilu, ximaur,
belar-lan eta mandeuli,
kalera jaitsi zinan behin eta
ez zinan gora itzuli.
 
 
11.
Seme zaharrenak Arantzazura,
hiru neska Donostira,
ondorengoak fabriketara,
lana ordaintzen zan tokira.
Hamar haurride ta inork ez zion
baserri zaharrari tira…
Inoiz negarrik egin al zendun
sortetxeari begira?
 
 
12.
Ondorengoak iritsi ginan,
nahiz baserria jatorri,
kalekumeetan kalekumeenak,
listo ustez, umezorri.
Maitasun asko izanagatik
hainbat ohitura jatorri,
ez ginan mundu hontara zure
mainari eusteko etorri.
 
 
13.
Baino umetan oroitzen zaitut
labanatxo bat patrikan,
guk hartutako amuarrainen
sabel-barrenei zirikan,
ekonomikan goxo erretzeko
urdaia sartuta tripan…
Geroztik ez det nere bizitzan
hain amuarrain onik jan.
 
 
14.
Arkakusoak eta zorriak
kanpora uxatzearren,
menda-belarra erratz bihurtzen
zenuen askotan Saarren*.
Ze usain gozoa barreiatzen zan
hango atari ta barren,
ordu betera oilo-zirinez
dana zikintzen zan arren.
 
 
15.
Nere barruko oroitzapenak
joan ahala sendotzen,
zuri aldrebes pasa zitzaizun,
danak lausotzen, lausotzen.
Kaixo Amona, Amagoia* naiz,
agurtzen zintudan ozen,
baino ez zenuen nere ahotsa
haur txiki harekin lotzen.
 
 
16.
Sei senideren bigarren ama,
hamar umeren zurkaitza,
zure bizitza hori izan zan:
zaintza, zaintza eta zaintza.
Eskerrak behintzat zure barrura
iritsi zanean gaitza,
jaso zenuen behin ereindako
hazi guztien emaitza.
 
 
17.
Azkenik guztiz airatu zinan,
joan baldin bazinan joan…
Barka zaidazu azken uneetan
ez baninduzun ondoan.
Nik irribarre goxo harekin
gordetzen zaitut gogoan,
menda-belarrak erratz bihurtzen
Saarre* atariko soroan.
 
 
18.
Zure hizkuntzan kantatu dizut,
zenekien bakarrean,
maite zenuen bertso-doinuan
eta molde zaharrean.
Inoiz, agian, sentitzen banaiz
argitasun beharrean,
bertso hauekin berriro ikus
zaitzadan nere aurrean.
 
Maddalen Arzallus Antiak eskuratu du Basarri sariketako lehen postua  Maddalen Arzallus Antiak eskuratu du Basarri sariketako lehen postua  Maddalen Arzallus Antiak eskuratu du Basarri sariketako lehen postua