Martxoan abiatuko dira bertsolari gazteentzako sariketak Goierrin

Martxoan jokatuko dira Osinberde, Aztiria eta Argi Berri sariak. Seikoteko lehen bi bertsolariak Osinaldeko finalera sailkatuko dira, apirilaren 6rako.

Martxoan abiatuko dira bertsolari gazteentzako sariketak Goierrin –

Martxoan abiatuko dira bertsolari gazteentzako sariketak Goierrin
Entzuleak bertsolariei entzuten, iaz, Osinalde sariko finalean. Arg: Aimar Maiz (Goierriko Hitza)

Martxoan zehar jokatuko dira hiru sailkatze saioak: martxoaren 9an Osinberden, martxoaren 16an Aztirian eta 23an Argi Berri elkartean. Orduan zehaztuko da Gabiriako Osinalde sarian apirilaren 6an kantatuko duen seikoa, kanporaketa bakoitzetik lehenengo biak sailkatuta.

Lehenengo aldiz, parte hartuko duten 18 bertsolariak XXI. mendean sortuak dira. Bederatzik lehenbiziko aldiz hartuko dute parte.

Iaz Osinaldeko finalera iritsi zirenetatik bakarrak errepikatuko du aurten: Aner Peritz zarauztarrak. Bost bertsolarik hirugarren partaidetza izango dute, lehiaketako gonbidapen-arauen arabera, azkena: Peritzek, Ekhiñe Zapiainek, Haizea Aranak, Aitor Ugartek eta Bittor Altubek. Bigarren aldia dute, bestetik, Maddi Aiestaranek, Aitor Tatiegik, Aroa Arrizubietak eta Maide Garmendiak.

Bertsolarien ia erdia –zortzi– gipuzkoarrak dira; lau bizkaitar, hiru nafar, bi arabar eta lapurtar batek osatzek dute taldea.

Lau saioek egitura berbera edukiko dute. Lehenik afariak izango dira elkarteetan, 20:30ean hasita. Ondoren, bertso saioa, mahaiaren bueltan.

Bertso sariketak

Kanporaketak

  • Zaldibia. Osinberde Saria, martxoaren 9an. Joxepane ostatuan afaria (20:30) eta saioa.
    Bertsolariak: Aner Peritz (Zarautz, 2002), Maddi Aiestaran (Beasain, 2001), Josu Ibarguren (Oiartzun, 2000), Janire Arrizabalaga (Gernika, 2003), Ekain Alegre (Altsasu, 2001) eta Maite Sarasola (Deustu, 2001).
  • Aztiria. Aztiriko Saria, martxoaren 16an. Aztiri-Bat elkartean afaria (20:30) eta saioa.
    Bertsolariak: Aitor Tatiegi (Oñati, 2001), Ekhiñe Zapiain (Bera, 2002), Eki Mateorena (Leitza, 2005), Iruri Altzerreka (Garai, 2000), Naia Arrizabalaga (Azkoitia, 2004) eta Mikel Etxezarreta (Olaberria, 2003). 
  • Ordizia. Argi Berri Saria, martxoaren 23an. Argi Berri elkartean afaria (20:30) eta saioa.
    Bertsolariak: Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001), Haizea Arana (Eskoriatza, 2001), Aitor Ugarte (Aramaio, 2002), Bittor Altube (Abadiño, 2001), Maide Garmendia (Zaldibia, 2002) eta Irantzu Idoate (Hazparne, 2005).

Finala

  • Gabiria. Osinalde Saria, apirilaren 6an. Osinalden afaria, saioa.
    Bertsolariak: hiru sarietatik sailkatutako lehen bina bertsolari.
Martxoan abiatuko dira bertsolari gazteentzako sariketak Goierrin