Eneko Lazkoz
Eneko Lazkoz

2024-02-08

Bertsoaroa

Hemen da Bertsoaroaren edizio berri bat. Hogeita hamahirugarren urtez jarraian, otsailaren 8tik martxoaren 1era, Iruñeko hainbat txoko ezberdin bertsoz zipriztinduko dituena.

Bertsoaroa –

Bertsoaroa

Betidanik asko maite izan dudan ekimena da Bertsoaroa, bertsozale bezala lehenik, eta bertsolari bezala beranduago, momentu eta oroitzapen ederrak oparitu dizkidalako.

Kantuan parte hartzeko zortea izan aurretik entzule bezala disfrutatu izan nituen Gurutze Plazako institutuko saio handi haiek, punta puntan zebiltzan nafar bertsolariak eta Euskal Herri mailakoak elkartzen zituztenak. Baita Erraldoien Txokoan egiten ziren haiek ere, berezixeagoak eta esperimentaziora bideratuak. Bereziki gogoan dut behin Jexux Mari Irazuk eta Sebastian Lizasok egin zutena: saio osoa zortziko txikian egin behar izan zutena. Musikatuak, tematikoak, antzerkiak…Ederki uztartu izan ditu Bertsoaroak tradizioa eta berrikuntza.

Kanturako aukera iritsi zitzaidan ondoren. Gazteen saioetan lehenbizi eta nagusienekin gero. Opari ederra izan ziren gazteen saio haiek baina ahazteko ez dudana Gurutze Plazako lehen saio handi hura da. Bua!!! Zer zen hura!!! Jon Maia, Julen Zelaieta, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Amets Arzallus kantu-kide eta 500 entzuletik gora aurrez aurre. Ez dut saioa bera oso ongi gogoratzen baina bai ardura handiz bizi izan arren gozatu izanaren sentipena geratu zitzaidala. Ez da gutxi!

Ordutik urte eta saio dexente pasa dira. Batzuetan hobeki eta beste batzuetan okerxeago aritu edo sentitu arren, beti eder eta berezi Bertsoaroko zita. Baita saio ondorengo afari eta afalostea ere.

Hogeita hamahiru urteotan gauzak asko aldatu diren arren, hobera ziurrenik, bazterreko izaten jarraitzen dute euskarak eta bertsoak Iruñean. Horregatik (ere) da garrantzitsua bere garaian ausardia eta determinazio handiz martxan jarri zen Bertsoaroa.

Bertsoaroak ere bizi izan ditu bere aldaketak. Azken urteetan nabarmenena, udazkenetik negu amaierara pasatzearekin batera, Gurutze Plazatik Antzerki Eskolara mugitu izana. Eta zer esango dizuet ba! Agian nostalgiak eraginda baina faltan botatzen ditut Gurutze Plazako institutua eta hango bizipenak. Aretoaren handitasunagatik baino gehiago kokapenagatik. Batzuetan “konfort” esparrutik irtetea ez da hain deserosoa, batez ere beste batzuen erosotasuna baldintzatzen duenean. Saio haietan horrelako zerbait gertatzen zela iruditzen zait. Nafarroako hiriburuko zonalde espainol-zale eta atzerakoienetako batean, VOXek bozka gehien lortzen dituen horretan, bostehun euskaldun ostegun arratsalde batez bertsoaren jiran ibiltzeak bazuela bere eragina. Niri pertsonalki, irribarretxo bat pizten zidaten bertakoen tartekako harridura edo gorrotozko begiradek. Horiek nire kontuak dira hala ere…

Ukatzerik ez dagoena urterik urte zabalpenaren eta aniztasunaren alde egiten den ahalegina da. Aurtengorako ere formatu , toki eta kokapen ezberdinetan garatuko den kartel oparoa eskainiko digu Bertsoaroak.

Ez dakit zenbat aldiz entzungo genituen bertso berean elkarren atzetik Bertsoaroa eta oparoa. Bikote ederra osatzen dutelako izango da. Batak bestea dakar ezinbestean.

Bertsoaroa

Bertsoaroa