'Bapatean 2023' bilduma plazaratu du Bertsozale Elkarteak

2023ko bertso bilduma eskuratzeko aukera izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek, dohainik. Eskaera otsailaren 13a baino lehen egin behar da.

‘Bapatean 2023’ bilduma plazaratu du Bertsozale Elkarteak –

'Bapatean 2023' bilduma plazaratu du Bertsozale Elkarteak

Eskatu Bapatean 2023, hemen.

Liburuxkaz gain audio fitxategiak eskatzeko aukera dago, xenpelar@bertsozale.eus helbidera eskaera eginez. Azken edizio honen hitzaurrea Amaia Castorene Luroren eskutik dator, Bertsoaren potretak izenburupean. Bapatean 2023k 66 bertso saiotako 83 bertsoaldi dakartza, bertsoaldi bakoitzari dagokion gai, doinu izen eta ohiko informazio guziarekin batera. Hautaketa bat da, izan ere iaz 350 saio grabatu ziren. Liburuxkan 76 bertsolariren 653 bertso transkribatu dira.

“Bapatean 2023 liburuaren corpus nagusiak herritarrek antolatutako bertso saioetan bat-batean kantatutako bertsoak jasotzen ditu, bertsolariak eta horien saio kopuruak kontuan harturik. Hots, bat-batean kantatutako bertsoak hartu dira kontuan liburu hau egiterakoan, txapelketetakoak izan ezik”, adierazi dute Bertsozale Elkartetik. Zehaztapen bat ere egin dute: bertsopaperen alorrekorik ere ez da jaso, baina bai bat-bateko gazte sariketetakoak.

Bertsoaldiez gain bertso saioen mugimenduaren informazioa ere badakar liburuak: ze saio mota eta zenbat antolatu diren Euskal Herriaren luze zabalean. Aldizkako saioen informazioa ere agertzen da. Halaber, bertan ageri diren bertsoen egileen izenak, sorterria eta bakoitzak ze ariketa mota egin duen ere azaltzen da.

Elkartetik eskerrak eman nahi izan dizkie bertsozaleei, fruitu hau jende askoren lanaren emaitza delako: “Borondatezko grabatzaileen zerrenda luzea da eta guztioi esker jaso ahal izan dira grabazioak eta potretak. Beraz, eskerrik beroenak bihotz-bihotzez saio erdi, oso bat edo hamaika grabatu, edo argazkiren bat egin eta XDZra helarazi dizkiguzuen hainbeste bertsozaleri”.

‘Bapatean 2023’ bilduma plazaratu du Bertsozale Elkarteak