Odei Barroso, rapaz eta bertsoaz
Odei Barroso rapaz eta bertsoaz –

Iragan asteburuko Hitzetik Hortzeran Odei Barroso izan zen programako protagonista nagusia.
2zio taldean hasi zen rap kantari bezala Odei Barroso. 2022an bakarkako bideari ekin zion eta Terapia lana argitaratu zuen, eta aurten, berriz, Goizegi da hiltzeko lan luzea kaleratu du eta oholtzaz oholtza dabil lana aurkezten. Hitzetik Hortzeran rap kantari gisa egiten ari den bideaz aritu zen, baita, bere rapero pertsonaiaz, abestiak sortzeko prozesuaz, zein rapak euskal musikan duen lekuaz ere.
Rap kantari izateaz gain, musika ekoizlea ere bada Barroso, eta Hendaian duen Alkimia estudioan egiten duen lana ere izan zuten hizketagai. Bertsolaritzari buruz ere arituko zen, noski. Bertso plazak, txapelketak eta bertso-eskoletako irakasle lanak utzi zituen arren, momentu on askorekin lotzen du Barrosok bere bertsolari garaia. Bertsoak emandakoaz, sortutakoaz eta bertsoarekin loturiko momentu kuttunez arituko da Hitzetik Hortzeran. Hemen duzue programa osorik.
Odei Barroso eta beste raplari ugari elkarrizketatu zituen Jon Martinek Bertsolari aldizkariaren 89. alean, 2013ko udaberrian.
Barrosok Bertsolari aldizkariak plazaratzen duen Makarrizketak podcastean ere hainbat gogoeta luzatu zituen duela lau urte. Bertsolarien biblia moduko bat izan da, errimari dagokionez, Xabier Amurizak idatzi zuen “Hitzegi Errimatua”. Odei Barrosoren iritziz arauak estu betetzera ohitu dira bertsolariak, eta horrek segurtasun moduko bat ematen du. Denok ulertu dugu, urteen eta praktikaren poderioz, zer den errima ona eta zer errima txarra. Baina ba al da errima onik eta txarrik? Beste hizkuntza batzuetan errima ulertzeko malgutasun handiagoa daukate, eta Barrosoren iritziz, bide horretan hemen ere pausoak emango bagenitu asko aberastuko litzateke bertsolaritza bera. Arrisku gutxi hartzen dira errimari dagokionez. Errima ekartzeko dugun modu aski mekaniko horrek ere, agian, errimaren arloari sortzaile izateko funtzioa kentzera eraman gaitu. Kontsonanteen eta bokalen rola, multisilabikoen indarra, semantikotasunak sortzen dituen indarguneak… Errima zabal hartzeak gehiago harritzeko aukera eman dezake. Eraman ditzagun errimatzeko moduak ertzetara, belarriari lekua utziz.
Powered by RedCircle

